Disney Plusek Robert Zemeckisen 'Pinocho' estreinatuko du bihar

Sex Pistolsi buruzko telesail bat eta Mike Tysoni buruzko beste bat ikusi ahalko dira plataforman

Robert Zemeckis zinemagileak zuzendu du Pinocho-ren bertsio berria. Bihar estreinatuko du plataformak. DISNEY.
urtzi urkizu
2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Disney Plus Day eguna prestatu du AEBetako konpainiak biharko, eta askotariko estreinaldiak egingo ditu bere ordainpeko plataforman. Harpidedunentzat eskaintza bereziak egingo dituzte, Disneyko parkeetan ekitaldiakegingo dituzte eta zenbait zinema aretotan proiekzioak egingo dituzte.

Disney Plus plataformaren estreinaldiei dagokienez, nabarmenena Pinocho film berria da. Robert Zemeckis zinemagileak zuzendu du lana —Forrest Gump filmari esker, Oscar saria jaso zuen—. Geppetto pertsonaia Tom Hanks aktoreak hezurmamitzen du. Filmeko beste aktoreen artean, Joseph Gordon-Levitt, Benjamin Evan Ainsworth, Keegan-Michael Key eta Lorraine Bracco daude. Marrazki bizidunetako Disneyren film klasikoaren abesti batzuk berreskuratu dituzte—tartean, Cynthia Erivok When you wish upon a star abestia kantatzen du—. Alan Silvestrik eta Glen Ballardek sortutako kanta berriak ere sartu dituzte soinu bandan. Gidoia osatzeko, Zemeckisek Chris Weitzen laguntza izan du. Pelikula ezingo da Euskal Herriko zinema aretoetan ikusi. Euskaraz ere ez —plataformak ez du eduki bakar bat ere euskaraz—.

Euskal Herriko zinema aretoetan uda honetan ikusi ahal izan den film bat ordainpeko plataforman egongo da ikusgai bihartik aurrera: Thor: Love and Thunder.

Mike Tyson eta Sex Pistols

Disney Plus Day egunerako prestatu dituzten beste estreinaldien artean, bi telesail aipa daitezke: batetik Pistol, Erresuma Batuko Sex Pistols punk taldearen inguruko telesaila; eta bestetik, Mike, Mike Tyson boxeolari ohiaren bizitzaren ingurukoa. 1970eko hamarkadako punk taldearen inguruko telesailak sei atal ditu, eta guztiak egongo dira ikusgai bihartik aurrera. AEBetako boxeolari ohiaren inguruko lanak, berriz, zortzi atal ditu, eta aurreneko laurak estreinatuko dituzte aste honetan.

Erresuma Batuko Wedding Season telesaila ere bihar estreinatuko du Disney Plusek. Ezkontza batean maitemintzen diren bi gazteren istorioa kontatzen du. Generoak nahasten ditu, eta aktore protagonistak Rosa Salazar eta Gavin Drea dira.

Beste alde batetik, Obi-Wan Kenobi telesailaren grabaketak eta haren atzeko aldea erakusten dituen saio bat estreinatuko du plataformak: Obi-Wan Kenobi: A Jedi's Return.

Animazioari dagokionez, Cars on the Road film laburrak ikusi ahalko dira —Cars filmen pertsonaietan oinarrituak—.

Dokumental saio berriak ere iritsiko dira plataformara. Epic Adventures with Bertie Gregory izango da horietako bat, National Geographicerako 30 urteotan lanak egin dituen Berti Gregory protagonista duena. 18-22 urte arteko gazteen istorio bereziak kontatuko dituzte, berriz, Growing Up dokumental saio berrian.

Irailaren 21ean, Star Wars unibertsoko telesail berri bat estreinatuko du Disneyk: Andor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.