Etxe libre bat hedabideentzat

Mezenas batek eta hogei bat komunikabidek bat egin dute Parisko eraikin abandonatu batean, bere burua prentsa libretzat dutenentzako gune bat sortzeko.

Eraikin honetan sortu nahi dute Hedabide Libreen Etxea. REINVENTER.PARIS.
Edu Lartzanguren.
2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Parisko Charonne bulebarreko Nation 1 eraikin industrial dotorea transformadore elektrikoen estazioa izan zen. Aspaldi dago hutsik, baina, Olivier Legrain enpresaburuaren eta hogei bat komunikabideren ekimenez, egitasmo bat dago 6.000 metro koadroko eraikinean Hedabide Libreen Etxea sortzeko.

Hiru urte daramate ideia lantzen Legrandek eta bere burua independentetzat jotzen duten hainbat kazeta eta agerkari digitalek; tartean dira Mediapart eta Basta albiste atariak, Politis astekaria eta Alternatives économiques eta Esprit aldizkariak.

Ideiak bultzada hartu du, Parisko Udalaren Reinventer Paris egitasmoaren harira. Horretan, abandonaturiko edo hutsik dauden 30 bat guneren zerrenda egin du udalak, eta horiekin zer egin proposatzeko eskatu die elkarteei eta herritarrei. Lantoki zaharrak, hiltegiak, geltokiak eta aparkalekuak daude zerrendan.

Oraingoz, hiru egitasmo aurkeztu dituzte Nation 1 eraikinerako: gune ludiko bat egitea, antzerki inmersiboa garatzeko leku bat, eta Hedabide Libreen Etxea sortzea. 1930eko hamarkadan egin zuten eraikina, eta, orduko transformadore elektriko erraldoiek behar zuten bezala, gela handiak ditu, tartean 25 metro garai den gune bat. Egitasmoaren bultzatzaileen arabera, eraikinak 20 eta 25 hedabide artean har ditzake, eta 500 kazetari inguru. Legrainek «biltzeko eta partekatzeko gunea» sortu nahi du han. Irailean epaituko dituzte egitasmo finalistak, eta urtea amaitzerako erabakiko dute noren esku utzi eraikina.

«Ezkerreko milioidun bat»

Hedabide Libreen Etxearen bultzatzaile nagusia da Legrain enpresaburu aberatsa. Ez da harritzekoa hura maitemindu izana transformadore elektrikoen eraikinarekin. Izan ere, elektrizitatearekin lorturiko Mersen konpainiako burua da, besteak beste. Legrainek ez du, ordea, esperientzia handirik hedabideen munduan.

Egitasmoak aurrera egiten badu, 177 akziodunek osaturiko enpresak erosi eta kudeatuko luke eraikina. Enpresak 6,5 milioi euroko kapitala izango luke, eta inork ez luke akzioen %10 baino gehiago izango. Hor aterpe hartuko luketen hedabideek alokairu «merke» bat ordainduko lukete, merkatuak eskatu lukeena baino %30 txikiagoa. Hori aldaketa bat da, bultzatzaileek hasieran adierazi baitzuten ez zutela eskatuko alokairurik. Haatik, horrek lege arazoak ekarriko lituzketela ondorioztatu zuten gero, beste hedabideek bidegabeko lehia sala zezaketelakoan.

Izan ere, hedabide tradizional batzuk hasi dira dagoeneko egitasmoa zalantzan jartzen. Maiatzean, Libération egunkariak «ezkerreko milioidun» eta «komunista ohi» gisa deskribatu zuen Legrain, ironiaz. Liberation-ek nabarmendu zuen eraikinerako aurkezturiko beste egitasmoek diru gehiago eskaini dutela, eta adierazi zuen ideia berez ez dela «oso berritzailea». Horrez gain, «politikoki oso markatua» dagoenez, gaineratu du egitasmoa «arantzatsua» dela PSF Frantziako Alderdi Sozialistaren esku dagoen Parisko alkatetzarentzat, eskuineko herritarrak haserrearazi egin baititzake.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.