Euskal Irratiek Tourreko etapa kontatuko dute, oztopoen gainetik

Lapurdiko Gure Irratiari akreditazio bakarra eman diote, egoitza errepide ondoan eduki arren

Larresoron egingo duten You are in the Basque Country jaiaren berri emango dute Euskal Irratietan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Edu Lartzanguren.
2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herrian jokatuko da Frantziako Tourreko azken-aurreko etapa: 31 kilometroko erlojupekoa egingo dute Senpere eta Ezpeleta artean (Lapurdi). Baina bertako komunikabideek ez dute erraza izango etapa jarraitzea, antolatzaileek jarritako oztopoengatik. Kasu deigarria da, esaterako, Gure Irratiarena. Uztaritzen du egoitza, Landagoien auzoan, eta, lasterketa estudioen aurretik pasatuko bada ere, zailtasun handiak jarri dizkiete kontakizuna egiteko. «Bide bazterrean egoteak ez du esan nahi erraztasunak ditugunik», esan du Kriztof Arotzarena esatariak. Antolatzaileen aginduei jarraikiz, ezingo dute leihotik kontatu. «Geure aparkalekua ere hustu beharko dugu». Euskal Irratiak elkarteko kide da Gure Irratia.

Kazetari bakar batentzako baimena eman diete. Arotzarenak izango du baimen hori, eta Senpereko abiatzetik eta Ezpeletatako helmugatik kontatuko du etapa. «Lan luzea izan da baimena lortzea. Tapiz gorria izan dute Frantziako hedabide handiek, France 2 telebistak, esaterako. Guk esan diegu euskaraz emititzen duen tokiko irrati bat garela. Beharbada antolatzaileei zaila zaie ulertzea», esan du Arotzarenak. Edonola ere, esatariak nabarmendu du Tourraren zuzendaritzak onartu duela behintzat euskarazko esatariak egotea irteeran eta helmugan, megafonia ofizialean.

Saio berezia arratsaldean

Saio berezia egingo dute Gure Irratian, gaur, 16:00etatik 17:30era arte. Hor emango dituzte Arotzarenak goizean eginiko elkarrizketak. Saioak bi esatari izango ditu: Battit Crouspeire eta Pantxika Arranbide.

Oihana Dagerre Euskal Irratietako langilea Tourreko esatari ofizial gisa arituko da Ezpeletako helmugan. «Turista anitz daude, eta parada izango dute bertako hizkuntza entzuteko», esan du Arotzarenak. Larresoron gertatuko dena ere aipatuko du esatariak. «Herritar talde batek aldarrikapen festa bat sortu du, munduari esan diezaiogun You are in the Basque Country», adierazi du esatariak. Tourra nazioarteko kirol egitasmoa denez, eta herrialde askotan ikusten dutenez, Euskal Herriaren berri ingelesez emateko aukeraz baliatuko direla, eta Euskal Irratiek ekimen berri emango dute, Arotzarenak esan duenez.

Edonola ere, Lapurdiko irrati esatariak ezingo du bihar Ezpeletatik mugitu. Kazetariak ezingo dira autoan ibili lasterketaren inguruan gertatzen direnak kontatzeko. «Telefonoa asko erabili beharko dugu», esan du Arotzarenak.

Imanol Magro BERRIAko kazetariak Ezpeletatik kontatuko du Tourraren euskal etapa. Twitterren arituko da, besteak beste #tourraEHn traolarekin.

ETB1ek etapa osoa emango du zuzenean, 11:55ean hasita. Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga eta Pedro Mari Goikoetxea arituko dira kontakizuna egiten eta gertatzen dena aztertzen. Joanes Segurola berriemaile bereziak ikuspegi soziala, festa giroa etazaleen iritziak landuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.