Hala Bedi irratiak euskarazko lau irratsaio estreinatuko ditu aurten

Osasunari buruzko saio bat emango dute larunbatero. 'Kantoia'-ren taldeak 'Alakatu' egingo du
Hala Bediren programazio berria aurkezteko saio berezi bat egin zuten urriaren 19an.
Hala Bediren programazio berria aurkezteko saio berezi bat egin zuten urriaren 19an. HALA BEDI

Urtzi Urkizu -

2019ko azaroak 1
Gasteizko Hala Bedi irrati libreak hainbat berrikuntza izango ditu denboraldi honetan. Horietako batzuk martxan dira jada, eta beste zenbait datozen asteetan estreinatuko dituzte. Zazpi irratsaio berri sartuko dituzte Hala Bediko bi emisoretako programazioan, eta horietatik lau euskaraz izango dira.

Azaroaren erdialdean, osasun munduari buruzko euskarazko saio bat estreinatuko dute: Joan zikutara. «Ideia da osasun munduko dibulgazioa egitea, jende guztiak ulertzeko moduan», esan du Andoni Otxoa de Alda saioko kideak. Eider Mendinuetarekin eta Idoia Sanzekin batera egingo du programa —medikuak dira hirurak—. Larunbatetan entzun ahalko da saioa, 11:00etatik 12:00etara. Otxoa de Aldak iragarri duenez, eguneroko osasun arazoez arduratuko dira: «Osasun zentro batera joan gabe, arazoen kudeaketa nola egin azalduko dugu, baita nola zaindu gaitezkeen ere». Ikuspuntu zientifikoa izango dute ardatz, baina arlo psikosoziala ere aintzat hartuko dute. «Askotan eredu biologizistarekin gelditzen gara, eta ez ditugu psikologia eta egoera sozialek duten eragina aztertzen. Irratsaioan horiei ere helduko diegu». Kolanboratzaileak izango dituzte, soslai desberdinetakoak.

Beste berrikuntza bat Alakatu magazina izango da —Kantoia saioa egiten zuen lantaldeak gidatuko du—. Ostegunetan emango dute, 19:00etan. Iragarri dutenez, alderik alde ezagutaraziko dituzte gizartearen errealitate desberdinak. Horretarako, solasaldiak egingo dituzte eta askotariko kolaboratzaileen ekarpena izango dute.

Dagoeneko estreinatu dute, bestalde, Klask! musika saioa. Bluesa eta soula ditu oinarri. Aintzinako eta egungo musikari heltzeko orduan, abagune soziopolitikoei ere erreparatuko diete.

Kontrapas beste musika saio berri bat izango da, eta laster estreinatuko dute. Askotariko estiloak uztartuko dituzte bertan.

Jamaika, punk eta house

Beste saio batzuk ere estreinatuko ditu denboraldi honetan Gasteizko irratiak. Gaztelaniazko hiru programa entzun ahalko dira datozen asteetan: Etxean jaus, La conquista del punk eta Zuretzako mezua.

Etxean jaus programan musika elektronikoa izango da ardatza: house, dance, funky house, edm eta bestelakoak.

La conquista del punk saioa «lokatzetako dandiei» eskainiko diete, eta garai desberdinetako punk doinuak jarriko dituzte.

Zuretzako mezua programa, berriz, Jamaikako kultura Araban zabaltzeko asmoz sortu dute.

Hala Bedik orotara denboraldi honetan 40 programa propio ekoitziko ditu. Hala Bedi Bat elebiduna FMko 107.4an enzun daiteke, eta Hala Bedi Bi euskara hutsezkoa, FMko 88.8an.

Gasteizko estudioetan egiten dute Arrosa irrati sareko Zebrabidea magazina ere. Astelehenetik ostiralera ematen dute, 16:00etatik 18:00etara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna