Kanaldude telebistak dokumental eskaintza zabala eskainiko du uda honetan. Irailean, Hordok dokumentalentzako txokoa sortu zuen telebistak «mundua hausnartzera eramaten gaituzten filmak» ikusleen esku jartzeko helburuarekin, norberaren «izpiritu kritikoa» elikatzeko asmoz. Aurretik lan batzuk eskuragarri bazeuden ere, uda sasoirako zabaldu egin dute eskaintza, eta bost dokumental jarri dituzte ikusgai: nahieran edota zuzeneko emankizunean; arratsero, 19:30ean.
Euskal Herriko zein mundu zabaleko istorioak biltzen dituzte bost lanok, bizipenik intimoenetatik kondairetaraino. Euskarazko ekoizpenak dira Herriarekin eta Hiru Uhinak filmak. Besteak, erdaretan sortuak, euskarazko azpidatziekin daude ikusgai.
Ipar Euskal Herrian, 1960ko hamarkadan kokatzen da Herriarekin dokumentala. Jean Pierre Vedel zinemagilearen lanak Herriarekin taldearen bueltan bildu ziren apaizen historia jasotzen du. Apaizok, independentziaren aldeko borrokan arituak, ETAko eta Iparretarrak-eko militanteekin izan zituzten harremanak kontatzen dituzte; izan zuten konpromiso erlijioso eta politiko konplexuaren nondik norakoak.
Marinelen eta sorginen euskal kondaira bat ardatz hartuta, zazpi gazteren ekoizpen prozesua islatu du Loic Legrand zuzendariak Hiru Uhinak lanean. Kondairan sakondu eta film labur bat sortzeko lanetan murgilduko dira, zazpi gazteak hainbat adituren laguntzarekin. Lau hilabeteko proiektua ezagutzeko aukera izango dute ikusleek dokumentalean. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatu zuten, 2019an.
Mundu zabaleko ahotsak
Parisko langile etxe batean bizi diren etorkinei eman nahi izan die ahotsa Marielle Duclos zinemagileak Raajak itxaropena erran nahi du lanean. Etorkin horien testigantzak biltzen ditu filmak: herriminaz bizi aldaketa erradikalaz eta familiarekiko arduraz.
Familiako historiari tiraka abiatu zuen Argentinarako bidaia Kepa Etxandi Baionako argazkilariak. Euskaldunek herrialde horretan utziriko arrastoen bila murgildu zen gautxoen lurretan, eta Carlos Portella zuzendariak hurbilduko ditu ikusleak bertara Gaucho Basko lanean. Miarritzeko (Lapurdi) Latinoamerikako zinema jaialdian aurkeztu zuten dokumentala iaz.
Beste lan batek Pascalen mundu intimora eramango ditu ikusleak. Margolaria da Pascal, eta haurtzaro latza bizi izandakoa. Margolanak beltzez betetzeko arrazoiak ez zaizkio falta, baina, hala ere, kolorez jazten du mundua. Margolariaren ahotsaren bidez, alderik ilunenen argiak bildu ditu Jean-Louis Chabortek Zaurietan Kolorea dokumentalean.
Irailetik aurrera ere hilero dokumental bat zabaltzeko asmoa agertu du telebistak. Tartean, Itziar Leemans zinemagilearen Boca ciega azken lana. Udazkenean, fikziozko eduki berriak izango dira.
Euskal Herriko eta mundu zabaleko istorioak ikusgai Kanalduden
'Hordok' dokumental sailean bost lan jarri dituzte nahieran, eta emanaldiak 19:30ean izango dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu