PROTAGONISTEN ADIERAZPENAK

2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Uxua Barandiaran

Lehen zegamarra. Denbora: 6.28.15.

«Uste baino hobeto amaitu dut. Aurten ezin izan naiz nahi bezala entrenatu, bai eguraldiarengatik eta bai etxekoengatik. Lasterketara begira, goizetik beroa eta hezetasuna nabaritu ditut, baina ordulariari ez begiratzea erabaki dut. Sentsazio onekin joan naiz eta, amaieran, Andraitzetik behera, estutzeko aukera izan dut. Beste urte askotan, iristea gehiago kostatu izan zait, baina aurten, indar gehiagorekin amaitu dut. Iazko denboraren antzekoa egiteko asmoa neukan, baina, ikusirik orokorrean jendeak zein denbora egin duen, gustura egon naitekeela pentsatzen dut. Iruditu zait beste urte batzuetan baino neska gehiago irten garela, eta pozten naiz. Ibilbidean lokatz asko zegoen, eta agian hezetasun gehiegi nabaritu dut».

Sarah Ugarte

Debutaria Zegama-Aizkorrin.Denbora: 6.32.33.

«Oso gustura amaitu dut lasterketa. Eguraldi ona izan dugu, nahiz eta lokatz asko zegoen ibilbidean. Izugarrizko lasterketa iruditu zait, eta txundituta geratu naiz ikusleen animoekin. Izugarrizko zaleak ditu Zegama-Aizkorrik! Sancti Spiritun gora bizitutakoa ez dut berehalakoan ahaztuko. Ez neukan denbora zehatz bat egiteko asmorik. Amaieran, belauneko minaren eraginez, sufritzea tokatu zait».

Iban Letamendi

Euskal selekzioko korrikalaria eta hautatzailea. Denbora: 4.26.49.

«Uste dut inoiz egin dudan Zegama-Aizkorririk konplexuena izan dela. Beroa, hezetasun zakarra eta lokatza ere gehiegi nire gusturako. Ondo kudeatu beharreko lasterketa izan da: asko edan, gatzak kontrolpean hartu eta ez estutzea zaindu. Ikusi besterik ez dago jendeak egindako denbora, eta zenbat jende lehertu den. Maila oso handia zegoen gaur, agian inoizko handiena. Euskal selekzioak ere itxura polita eman du, eta alde horretatik ere oso harro eta pozik nago».

Egoitz Zapiain

Debutaria Zegama-Aizkorrin. Denbora: 6.45.37.

«Azken egunetan oso urduri ibili naiz; nire lehen Zegama-Aizkorri zen, eta tximeletak tripan eta kirioak dantzan izan ditut. Lagun min batek esan zidan lasai hartzeko eta neure burua kontrolatzeko, eta hori egiten saiatu naiz. Esana zidaten lasai hasteko, zaharrak bezala, eta indarrak edukiz gero, amaieran, gazteak bezala amaitzeko. Baina oso azkar abiatu da lasterketa. Aizkorriko igoera oso-oso gogorra izan da, baina gailurreko giroa sekula eduki gabeko sentsazioa izan da, nekatuta, baina oso polita. Amaierako kilometroak emozioz malkotan egin ditut. Uste baino hobeto amaitu dut, indarrarekin eta sentsazio onekin. Eskerrak eman nahi nizkieke etxekoei eta lagunei, baita Jokin Lizeagari ere. Amaitzeko, nire miresmen eta esker on guztia boluntarioei eta antolatzaileei ».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.