'Korriklika' egingo du BERRIAk

Korrikaren egunetan saio bat izango da ikusgai: esketxak, bertsoak eta marrazkiak izango ditu

Intza Alkainek eta Beatriz Egizabalek esketxak egingo dituzte Berria TBko Korriklika saioan. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Apirilaren 4tik 14ra ibiliko da 21. Korrika Euskal Herriko errepideetan, eta BERRIAk jarraipen berezia egingo du paperean eta Interneten. Aurreneko aldiz, Berria TBk saio bat egingo du egunero Korrikaren inguruan: Korriklika. Korrikaren egunetan, 20:00etan jarriko dute saioa webgunean, eta, ondoren, saioaren atalak ikusgai izango dira —sare sozialetan ere zabalduko dituzte—.

Urte asko daramatza BERRIAk Korrikaren berri furgonetatik ematen. Duela bi urte, Garikoitz Goikoetxea kazetariak egunero bideo iruzkinak egin zituen Korrikaren berri emateko. Halaber, zenbait tokitan Facebook bidez zuzenean eman zuten Korrika—Gasteizko emankizuna oso arrakastatsua izan zen—. Aurten, Garikoitz Goikoetxea kazetaria eta Julen Aperribai bideogilea joango dira Korrikako furgonetan.

Goikoetxeak eta Aperribaik Lara Madinabeitiarekin batera egingo dute Korriklika, eta, horrez gain, beste kolaboratzaile batzuk izango dituzte. Goikoetxearen bideo iruzkina izango da abiapuntua, elkarrizketak eta erreportajeak tartekatuko dituzte, eta umorezko atal bat ere izango da ikusgai: Ramoni eta Lohitzune. Beatriz Egizabal eta Intza Alkain aktoreek egingo dute atal hori; batek kirolari prestatuaren rola jokatuko du, eta besteak, Korrikan aurreneko aldiz aterako den adineko emakumearen rola. Txakur Gorria kolektiboko artistek Mugarrika atala egingo dute; aurreko Korriketako gertaera bat hartu eta marrazki batera eramango dute, testu batekin batera —Txapelpekoak saioan ere antzeko atal bat egin zuten Berria TBrentzat—.

Korriklika saioan, hurrengo eguneko ibilbidea eta ordutegiak errepasatuko dituzte. Halaber, eguneko irudien errepasoa egingo dute bertso batzuk entzuten diren bitartean. Papereko edizioan, egunero bertsolari batek bertsoak jarriko dizkio Korrikari, eta bertsolari horrek saiorako ere kantatuko ditu. Honako bertsolariek parte hartuko dute: Ane Labaka, Miren Amuriza, Saioa Alkaiza, Miren Artetxe, Estitxu Arozena, Oihane Perea, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Oihana Iguaran, Kristina Mardaras eta Aroa Arrizubieta.

Ibilbide osoa, zuzenean

BERRIAren webgunean atal berezitu bat izango du Korrikak. Bertan, une oro Korrika nola doan zuzenean ikusteko aukera egongo da —EITB.eus-en bitartez eta harekin elkarlanean—. Halaber, webgune berean infografia interaktibo bat egongo da, ibilbideko herriekin eta ordutegiekin. Argazki eta bideo bildumak, eta paperean argitaratutako artikuluak eta bertsoak ere eskura izango dituzte webgunera sartzen direnek.

Bestalde, Korrikako ibilbidean zehar, goizero hainbat herritan BERRIA banatzen egongo dira egunkariko hainbat langile, aurreko bi edizioetan bezala.

Gainera, Korrikak irauten duen egunetan, BERRIAlagun egiten diren guztiei Txillardegiren biografia oparituko diete. Hain zuzen ere, Korrikak Txillardegi omenduko du aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.