Gezurrezko 'reality' bat

Cuatrok 'Supermax' estreinatuko du gaur. Zortzi lagun espetxe batetik ihes egiten saiatuko dira

urtzi urkizu
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Reality-a ala fikziozko telesaila? Mediaset taldeak egunotan reality gisa promozionatu du Supermax saioa, baina fikziotik gehiago du egiazko lehiatik baino. Partaideak fikziozko pertsonaiak interpretatzen dituzten aktoreak dira, eta programaren zuzendaria Daniel Burman zinemagile argentinarra da. HBO plataformak duela bi urte estreinatu zuen Supermax, baita Mexikoko Azteca TVCk eta Argentinako TVP telebista publikoak ere; Mediasetek bi urte luzez izan du gordeta, eta, azkenean, Cuatro kateak estreinatuko du, gaur, 22:45ean.

Basamortuaren erdian, segurtasun handiko espetxe zahar batean sartuko dituzte zortzi lehiakide. Handik ihes egiteko ahaleginak egin beharko dituzte protagonistek. Espetxea irudikatzeko, Hego Amerikako estudio handienak erabili zituzten, Rio de Janeirokoak (Brasil). Globo taldearen estudioak dira horiek, eta 1,6 milioi metro koadro baino gehiago dituzte. Argentinako Jujuyko gatzagatan ere egin zituzten hainbat grabaketa. Ekoizpenean ez zen Mediaset taldea bakarrik aritu: Brasilgo Globo, Mexikoko TV Azteca eta Argentinako TVP kateek parte hartu zuten. Mediasetek inoizko reality show anbiziotsuena izan zela iragarri du, nahiz eta funtsean telesail garesti bat baino ez den.

Pertsonaiei dagokienez, Santiago Segurak Orlanso Saslasky reality-aren aurkezlearena egiten du —telebista munduko izar bat, azkenaldian uste ona galdu duena—; Cecilia Rothek Pamelarena egiten du, desoreka handiak azaleratzen dituen emakumea; Antonio Birabentek Tifonena egiten du, espetxe berean lehendik preso egondakoa; Ruben Cortadak, berriz, Mercurio limurtzaile eta manipulatzailearen rola jokatzen du; Laura Neivak Sunny isilarena egiten du; Cesar Troncosok Choloren pertsonaia interpretatzen du, alkoholaren erruz boxeoan arrakasta lortu ezin izan ez zuen gizonarena; Alexia Moyanok Anette erizainarena egiten du —zurrumurruek diote gaixo larrien heriotza bizkortzen laguntzen zuela—; Guillermo Pfenningek Rex aberaskumearena egiten du; eta Juan Pablo Gerettok Murielena, iragan arazotsua duen pertsona anbiguoa.

Bizirik irauteko joko batean murgilduko dituzte guztiak. Irabazleari milioi bat dolar (887.650 euro) ematekoak direnez, haien arteko tentsioak ez dira gutxi izango. Era berean, espetxearen iragan iluna deskubrituz joango da, eta horrek areagotu egingo ditu partaideek biziko dituzten muturreko egoerak. Hamar atalez osatua dago saioa, eta gaur aurreneko biak emango ditu Cuatrok.

Ospetsuen afariak, Tele5n

Cuatrok Supermax estreinatuko duen ordu berean, orain arte kate horretan eman duten programa bat botako du gaur Tele5k: Ven a cenar conmigo: Gourmet edition. Loles Leon, Irma Soriano, Belinda Washington eta Rosa Benito elkartuko dituzte, eta bakoitzak afari berezi bat prestatu beharko du guztientzat. Aurreneko aldia da saioa Tele5k ematen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.