'El conquistador del Caribe' saioa astelehenean itzuliko da ETB2ra

«Inoizko hasierarik ikusgarriena» iragarri du ETBk. Eztabaiden saioa hilaren 22an hasiko da

El conquistador del Caribe-ren lehen atalaren aurrestreinaldia egin zuten ostegunean, Bilboko BBK aretoan. EITB.
urtzi urkizu
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Hamaseigarren denboraldia hasiko du astelehenean ETB2ko El conquistador del Caribe saioak, eta, 2017an eta 2018an bezala, lehiakideak Karibeko kostaldera eramango dituzte. ETBk nabarmendu duenez, «ezusteko handiak» izango dira bai formatuari eta bai protagonistei dagokienez.

Aurreko urteetan bezala, oso baldintza gogorrei aurre egin beharko diete lehiakideek, eta indarra, adimena eta estrategia funtsezkoak izango dituzte probak gainditzeko.

Asteleheneko saioan, Patxi Alonsok eta reality-ko zenbait kolaboratzailek jakitera emango dituzte aurtengo lehiakideen eta kapitainen izenak. Karibera nola iristen diren ikusiko da, eta zuzeneko konexioak egingo dituzte Julian Iantzi aurkezlearekin. Kariben izango baita Iantzi, abenturaren nondik norakoen berri emateko. «Inoizko hasierarik ikusgarriena» iragarri du ETBk.

Hilaren 22an, El conquis saioaren eztabaidei ekingo diete. Ohi bezala, Patxi Alonsok gidatuko du programa hori. Solaskideen artean, Juanito Oiarzabal, Eider Alonso eta David Seco ariko dira. Astelehenetako saioaren errepasoa egingo dute, eta hurrengo atalaren aurrerapen laburrak ere emango dituzte.

BERRIAk gaztelaniazko reality-aren aurrekontuari eta promozio gastuei buruz galdetu du ETBn, baina ez du erantzunik jaso.El Correo egunkariak iaz argitaratutako artikulu baten arabera, ETB2ko saioak 1,5 milioi euroko aurrekontua du azkeneko urteetan batez beste. Saioa Hostoil ekoiztetxeak egiten du —Globomedia taldearena da—.

Azkeneko asteetan, reality-aren promozio handia egin du ETBk. Esate baterako, kartel erraldoiak jarri dituzte Bilboko udaletxearen aurrean eta Donostiako Bulebarrean —Bretxaren parean—, saioa urtarrilaren 13an itzuliko dela iragarriz. Iaz ere hala egin zuten bi hiri horietan.

Saioak ikusle datu oso onak eman ohi dizkio ETBri: aurreko denboraldiak batez beste %22,5eko ikusle kuota bereganatu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. El conquis debate saioak %12ko kuota izan zuen. Reality-aren finalak %26ko ikusle kuota izan zuen.

'48 ordu'-ren azkenekoa

Astelehen gauean, El conquistador del Caribe-ren itzuliko den ordu berean, ETB1ek 48 ordu saioaren bosgarren eta azkeneko atala emango du. Onintza Enbeita aurkezleak errepideekin lotutako bizipen ederrak eta gogorrak ezagutaraziko dizkie ikus-entzuleei. Bidean topatuko ditu kamioilari bat, gasolindegi batean umea izan zuen familia bat, traktore batekin istripua izan zuen emakume bat, eta etxea errepidearen alboan duten bi herritar. Donostiako Zinemaldian eman zuen ETB1ek 48 ordu saioaren aurreneko atala. Beste lau atal egiteko enkargua jaso zuen gero lantaldeak, baina ez du jarraipenik izango. EnbeitakEgunak egin du saioan kolaboratzen du gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.