Euskarazko hedabideak Durangoko Azokaren berri ematen arituko dira

BERRIAko bost kazetarik Durangotik bertatik idatziko dute. ETB1ek saio bat egingo du gauero

BERRIAren erakusmahaia Artekale 25-26an egongo da, gaur hasi eta asteazkenera arte. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Durangoko Azokak ateak zabalduko ditu gaur, eta, datorren asteazkenera arte, euskarazko komunikabide nagusiek han gertatzen denaren berri emango duteluze eta zabal. BERRIAk, esate baterako, bost kazetari izango ditu Durangon (Bizkaia) —haietako bat webgunerako zuzeneko kontakizuna egiten arituko da—. Halaber, sortzaileen bideo kronikak egingo dituzte Berria telebistarako. BERRIAren webgunean eta paperezko edizioan, askotariko elkarrizketak, artikuluak eta kronikak irakurri ahalko dira.

Landako guneko Artekale 25-26an egongo da BERRIAren erakusmahaia. Han izango dira salgai, besteak beste, Joan Mari Torrealdairen Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta liburua eta Martin Ugalde bekari esker Eneko Bidegainek, Ainhoa Larrañagak eta Zuriñe Maguregik idatzitako Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan lana.

ETB1ek, beste alde batetik, saio bat egingo du gauero: Bada Durangoko Azoka 2021. Gazteak eskaini ohi duen Zulora emankizunaren lantaldea arduratuko da azokako saioaz, 21:00ak aldera. Asteartean, Zulotik Azokara! berezia egingo dute, 22:30ean. Ane Zuazubiskar kazetariak aurkeztuko ditu saio horiek. Sortzaile ugari elkarrizketatuko dituzte, kalean herritarrekin hitz egingo dute, eta Durangoko Azokako txokoen deskribapena ere eramango dute pantailara.

Egun berean, asteartean, ETB1ek Ahoz aho berezia egingo du azokan bertan. Besteak beste, Pasadena, Dupla eta Kerobia musika taldeak, Joseba Tapia eta Mikel Urdangarin musikariak eta Jon Arretxe idazlea gonbidatuko dituzte.

Biba zuek! magazinean ere hizpide izango dute azoka, eta zuzeneko konexioak egingo dituzte Joseba Olagaraik eta Anuxka Etxeberriak.

ETBko albistegiek adi-adi erreparatuko diote Durangon gertatzen denari. Eta, hain justu, gaur Landako gunetik egingo dituzte ETB1eko eta ETB2ko albistegien aurkezpenak. Kirol tarteak ere Durangotik aurkeztuko dituzte.

Euskadi Irratiko Amarauna saioa ere Durangotik egingo dute gaur goizean.

Gazteak, bestalde, Gaztea maketa lehiaketa 30 urte dokumental interaktiboa aurkeztuko du, hilaren 8an. Aurtengo lau talde finalistekin grabazio berezia egin zuten finalaren egunean. Iragarri dute ikus-entzunezko interaktibo bat izango dela, eta Gaztearen Youtubeko kanalean zenbait aukera emango dizkiola ikus-entzuleari.

Hamaika telebistak, berriz, zenbait egitasmo aurkeztuko ditu gaur azokan, 19:00etan: Hamaika babesteko fundazioa, Gasteizko ekoizpen zentro berriaren iragarpena, Hamaikaren aplikazio berria, Nafar away saioaren bigarren denboraldia, Miru-ren webgune berria, Musika zuzenean agenda... Hamaika komunitatea ere aurkeztuko dute. Telebistaz eta Internet bidez ikusi ahalko da ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.