Euskal Herrian eskura da ITsART Italiako 'streaming' plataforma

Opera, musika klasikoa, dokumentalak, museoetarako bisita digitalak eta filmak eskaintzen ditu

ITsART plataformaren menua bi hizkuntzatan dago: italieraz eta ingelesez. BERRIA.
urtzi urkizu
2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Italiako artea, kultur sormena eta ondarea maite dituenak ikus-entzunezko eskaintza berri bat du eskura: ITsART.tv Interneteko plataforma. Zerbitzua Italian abiarazi zuten, herrialde horretako gobernuaren bidez; Erresuma Batura zabaldu zuten gero, eta Euskal Herrira eta Europako beste 25 herrialdetara iritsi da duela egun batzuk. Zerbitzuan erregistratzea doakoa da; edukietan, berriz, denetarik dago: badira doakoak, badira doakoak baina iragarkiak tartekatzen dituztenak, eta badira premium eduki berezituak propio ordaindu edo alokatu behar direnak.

Iaz, osasun larrialdiaren eraginez, Italiako familiek %47 gutxiago gastatu zuten kultur eskaintzan. Sasoi berean, ordea, %37 handitu zen ordainpeko telebistaren kontsumo denbora. Tankerako datuak izan dira beste herrialde batzuetan ere. Eta Italiako Gobernuak erabaki zuen kulturari eskainitako streaming zerbitzu bat martxan jartzea.

Izan dira antzeko adibide gehiago Europan: Frantziako telebista publikoak Culturebox katea abiarazi zuen otsailaren 1ean, osasun krisialdiak kulturaren mundua partikularki kolpatu zuelako. Italian, ordea, gobernuak ez du telebista publikoa erabili zerbitzua eskaintzeko: Chili enpresa pribatuarekin hitzarmen bat egin zuen ITsART sortzeko. Erabaki horrek kritikak piztu zituen Italian, RAI albo batera uzteagatik.

Italiako plataforma berriak, bestalde, akordioak egin ditu kultur arloko zenbait erakunde eta norbanakorekin: Cinecitta zinema estudioak, Italiako museo esanguratsuak, opera elkarteak eta podcasten egileak.

Jaialdiekin bat egitea xede

Italiako plataformaren eskaintza zabalean, doan ikus daiteke Parmako Regio antzokian oholtzaratu zuten Pucciniren Turandot opera, esate baterako. Baina 9,90 euroko alokairu kostua du Milango Scalan oholtzaratutako Madina ballet ikuskizunak. Prezio bera du Verdiren Falstaff operak ere.

Museoen ikus-entzunezko bisita ia guztiak dira doakoak, nahiz eta bisita batzuetan iragarkiak tartekatzen dituzten.

Bada kategoria bat Italiako tokiei dagokiena: hondartzak, mendiak, itsasoa, herri zaharrak eta ondare aberatseko txokoak. Askotariko dokumentalak dira, eta 2,90 euro balio dute, gehienez.

Zinema klasikoa ere badago plataforman; tartean, Federico Fellini, Vittorio de Sica eta Roberto Rossellini zinemagileen film esanguratsuak.

Orotara, 1.275 eduki ditu plataformak. Baina arduradunek iragarri dute datozen hilabeteetan gehiago sartuko dituztela katalogoan. Europatik kanpo zabaldu nahiko lukete zerbitzua.

ITsART plataformaren zuzendari eragile Guido Casalik adierazi du Italiako kultur jaialdiekin bat egin nahiko luketela, «Filmin plataformak zinema jaialdi askorekin egiten duen moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.