France Televisions talde publikoa Salto plataformatik aterako da

TF1 eta M6 kate pribatuek Interneteko plataformaren partea erosiko dute, 45 milioi euroren truke

Gilles Pelisson TF1eko presidentea, herenegun, Lilleko Series Mania jaialdian. SERIES MANIA.
urtzi urkizu
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Lilleko (Frantzia) Series Mania nazioarteko jaialdia egin dute asteon, eta ez da fikziozko telesail bat izan albiste nagusia. Frantziako ikus-entzunezkoetan eragina izango duen akordio baten berri eman dute bertan TF1 eta M6 kate pribatuetako arduradunek: monopolio gaiak epaitzen dituen konpetentziako erakundeak TF1en eta M6ren bat egitea onartzen baldin badu —erabakia udazkenerako espero da—, France Televisions talde publikoari erosi egingo diote Salto plataforman duen partea. 45 milioi euroren truke erosiko dute plataformaren herena.

Delphine Ernotte Frantziako talde publikoaren presidenteak (Baiona, 1966) lehendik esana zuen Salto proiektutik ateratzea aukeren artean zegoela, TF1ek eta M6k bat egingo zutela iragarri ostean. Orain, hiru taldeen akordioa publiko egin dute. Aintzat hartu behar da ikus-entzunezko komunikazioa arautzen duen Arcom erakundeak datorren urtean eman beharko diola oniritzia bi kate pribatuen bat egiteari. Horrenbestez, urte honen bukaera arte behintzat, Saltoko jabeak lehengo hirurak izango dira: talde publikoa eta bi enpresa pribatuak.

Datozen urteei begira, TF1ek eta M6k streaming plataforma propioa garatuko dute—Salto mantenduz edo izena aldatuz—. Eta France Televisions taldeak bere plataforma izango du, baina Frantziako beste eragile pribatuetatik aparte.

'Le monde du demain'-i saria

Izan dira sektoreko gorabehera gehiago Series Mania jaialdian. Jon Arretxe idazlearen Toure detektibearen proiektua aurkeztu dute De A Planeta eta Tournasol ekoiztetxeek Series Mania forumean, baina ez dute lortu 50.000 euroko saria telesailaren ekoizpenerako; saritu duten proiektua Hegoafrikako Paradys izan da. Apartheida amaitu berritan girotzen da istorioa, soilik nekazari zuriak dituen herri batean. Bi detektibe beltz hiri horretara joango dira, hilketa bat ikertzera.

Lillen egin diren emanaldi berezien artean, Lars Von Trier zinemagilearen The Kingdom telesailaren bi atal proiektatu dituzte; 1990eko hamarkadan zuzendu zituen lehen bi denboraldiak, eta aurten hirugarren denboraldia estreinatuko dute.

Amaierako ekitaldia egin zuten atzo, eta hauek izan ziren sarituak: jaialdiaren sari nagusia Le monde du demain-ek eraman zuen —Arte katearen eta Netflixen arteko koprodukzio bat da—; emakumezko aktore onenaren saria Michelle de Swarteri eman zioten (The Baby); gizonezko aktore onenaren saria, Yehuda Leviri (Fire dance); Nazioarteko Panorama kategorian, telesail onenaren saria The dark heard-ek jaso zuen, eta epaimahaiaren sari berezia Sunshine eyes-entzat izan zen; komediarik onena Bloody Murray hautatu zuten, eta formatu laburreko telesail onenaren saria Float-i eman zioten.

Lillekoaren ostean, Canneseries jaialdia iritsiko da: apirilaren 1etik 6ra egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.