Opera, beste ikuspuntu batetik

Zarata handirik atera gabe, Enrique Bert opera adituak zuzendutako podcast bat hainbat belarri goxatzen ari da. Cosi fan tutte eta Tosca operen inguruko interpretazio berrituak entzun ahal izan dira Opera prima podcasteko lehen ataletan. EITB Podkast atariak duela gutxi estreinatu du emankizun hori, Opera Lagunen Bilboko Elkartearen laguntzarekin. Izan ere, Bertek podcastaren atal bat eskainiko dio Bilbon interpretatuko den opera bakoitzari. Ez edonola, interpretazio berezia eginda baizik. Euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ditu podcast berriak.
Bat egin dute bi erakunderen interesek: batetik, EITBk zerbait egin nahi zuen operaren inguruan. Bestetik, Opera Lagunen Bilboko Elkarteak beste modu batean landu nahi zituen operaren ingurukoak. Horregatik egin zioten proposamena Berti. Historia irakaslea da, eta 40 urte daramatza operarekin zaletuta. Hainbat hedabidetan idazten ditu operaren inguruko kritikak eta artikuluak. Igandero, Opera on irratsaioa gidatzen du Radio Vitorian, 16:00etan.
Opera adituak ezezaguna zuen podcasten mundua. Baina gozatzen ari da. Helburua argi du: «Kontua ez da Wikipedian aurkitu daitezkeen operen argumentuak errepikatzea, baizik eta modu originalagoan lantzea bakoitzaren gaiak. Aurreiritzi guztiak apurtu, eta jendearentzat eskuragarriago jarri nahi dugu». Lehen atalean, adibidez, misoginiaz aritu zen, Mozarten Cosi fan tutte-ren istorioari helduta; bigarrenean, Pucciniren Tosca landu du, eta boterearen zapalkuntza aztertu.
Tosca ematen ari dira egunotan Bilbon. Bi hilabeteko etena egongo da gero. Maiatzean, Verdiren Il Trovatore iritsiko da. «Kasu horretan, gaia izango da nola den posible musika eder batekin sinesgarritasunik ez duen istorio bat kontatzea». Il Trovatore-ren argumentua sinesgaitza baita.
Ulu Media ekoiztetxearen Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) estudioan ari da Bert grabaketak egiten. «Ikaragarri zaindu naute, eta oso eroso sentiarazi. Profesionala ez den bakarra ni naiz».
Berti iruditzen zaio, bestalde, Opera prima podcast erabilgarria izan daitekeela DBHn eta batxilergo artistikoan, Musika irakasgaian. «Izan ere, operaren inguruan oso material gutxi dago, oro har, euskaraz».
Operari buruzko aurreiritzi asko daudela iruditzen zaio Berti. «Argudio batzuk eman nahi ditugu, jendea operara konplexurik gabe hurbiltzeko eta emanaldi batera joateko. Operaz disfrutatzeko ez da ezer berezirik behar, aurreiritzi guztiak albo batera uztea soilik». Atalak «tresna lagungarriak» izatea nahiko luke.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.