Robotak erredakzioan

'Forbes' aldizkariak adimen artifizialeko sistema bat eratu du kazetariei lanean laguntzeko. Antzeko sistemek albiste laburrak idazten dituzte dagoeneko hainbat kazetatan.

Edu Lartzanguren.
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Bertie jarri diote izena robotari, Bertie Charles Forbes (1880-1954) Forbes aldizkariaren sortzailearen omenez. Ez du gurpilik, beso mekanikorik edo ahots metalikorik. Bertie adimen artifizialean oinarrituriko edizio sistema bat da, eta, teorian, kazetariei laguntzeko sortu dute. Noski, ez ditu artikulu osoak idazten, baina zirriborroak prestatzen dizkie giza kazetariei, haiek osa eta amai ditzaten. Bertie-ren zirriborroak optimizaturik daude irakurleen gustuen arabera: zerk erakartzen dituen aztertzen du algoritmoak, eta amua behin eta berriz prestatzen saiatzen da, kazetariek gero zizarea jartzea besterik izan ez dezaten.

Uztailetik daukate Bertie lanean Forbes-en. Negozioen eta burtsaren inguruko informazioa zabaltzen du AEBetako aldizkariak, eta, urtero, munduko jenderik aberatsenen zerrenda argitaratzen du.

Kazetari bat edizio sistemara konektatzen denean, Bertie-k aztertzen du zelako gaiak lantzen dituen, eta horren inguruko albisterik ote dagoen begiratzen du. Forbes-eko beste kazetariren bat horretan ari ote den aztertzen du sistemak, eta, libre badago, gaia proposatzen dio kazetariari.

Errutinazko testuak

Bertie ez dago bakarrik: The Washington Post-ek Heliograf sistema erabiltzen du 2016. urtetik albiste laburrak idazteko. Londresko The Times eta The Sunday Times adimen artifizialeko sistema bat garatzen ari dira kazetariei laguntzeko, eta morroi ingeles arketipikoaren izena jarri diote: James. Kazetarien ohiturak, jokabideak eta lan egiteko mekanismoak ikasiko ditu sistemak, gero bere kabuz egiteko.

The New York Times egunkariak, berriz, Moderator izeneko sistema erabiltzen du, irakurleek artikuluei egiten dizkieten iruzkinak iragazteko, argitaratu aurretik. Giza editore batek zer egingo lukeen aurreikusten saiatzen da sistema, eta mezua arazotsua bada bakarrik bidaltzen zaio gizakiari, hark erabaki dezan.

Sistema horiek adimen artifizialean oinarrituriko itzulgailuekin parekatu ditu Simon Peñak, EHUko kazetaritza irakasle eta ziberkazetaritzan adituak. «Inork ez ditu profesionaltzat hartzen Google Translate edo halakoekin eginiko itzulpenak. Halakoekin, antzera».

Datu baseetan kodifika daitezkeen informazioekin egin dezakete lan robot horiek, hau da, testu egituratuekin. Burtsaren indizeak har ditzakete, esaterako, eta horiekin testu bat idatzi, kontatzeko zerk egin duen gora eta zerk behera. «Hau da, errutinazko testuak lan ditzakete, inongo kazetaritza ekarpenik ez dutenak».

Baina kazetaritza ez da datu hutsak ematea; baizik eta, besteak beste, haiek interpretatzea, testuinguruan jartzea, horien garrantzia erabakitzea eta iturriekin zein adituekin hitz eginda baloratzea. «Hori ez digu robot batek egingo», esan du Peñak. Irakaslea baikor da: «Robotak kazetaria askatu ahalko du errutinazko lanetatik, eta kazetariak lan mamitsuagoetan inbertitu ahalko du denbora hori».

Baina kazetari bat baino gehiago kezkatu egingo da, agian, Forbes-eko kudeatzaileek emaniko datu batekin: Bertie erabiltzen dutenetik, bikoiztu egin da webgunea berriz bisitatzen dutenen kopurua. Horra gizakiek baloratzeko moduko datua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.