ETB1ek 'Mendiaren bi aldeak' erreportajea estreinatuko du gaur

Ibon Gaztañazpi aurkezlea Anbotora, Aizkorrira eta Gorbeiara igoko da, mendizale ezagunekin

Ibon Gaztañazpi, Juanjo San Sebastian eta Juanra Madariaga, erreportajeko fotograma batean. ETB.
urtzi urkizu
2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Mendiaren pozak eta tristurak, bere alde onak eta bere alde tragikoak. Mendiaren bi aldeak erakutsiko dituzte gaur ETB1eko erreportaje batean, 22:35ean. Ibon Gaztañazpi kazetaria ariko da aurkezle lanetan, eta hiru menditara igoko da: Anbotora, Juanjo San Sebastian mendizalearen laguntzarekin; Gorbeiara, Yolanda Martinekin —zortzimilako bat igo duen Bizkaiko emakume bakarra—; eta Aizkorrira, Aitziber Ibarbiarekin —Zegama-Aizkorriko ohiko parte hartzailea—. «Mendia ez da korrika egitea bakarrik», esan du Gaztañazpik. «Banuen horrelako zerbait egiteko gogoa, oso pozik nago mendira hurbiltzeko beste modu bat izan delako: lasaiagoa. Mendia oso poliedrikoa da», gaineratu du.

Hiru protagonista nagusiez gain, beste mendizale batzuk elkarrizketatuko ditu Gaztañazpik: Alex Ulle Inguru Abentura enpresako ordezkaria, Regil familia, Alberto Aierbe Zegama-Aizkorri lasterketaren zuzendaria, Mikel Etxezarreta Aizpeako (Gipuzkoa) artzaina, Jesus Kortazar Zallako (Bizkaia) Ubietamendi klubeko lehendakari ohia eta Juanra Madariaga mendizale eta idazlea.

Carlos Iglesias erreportajeko gidoilariak azaldu duenez, Baleuko ekoizpen etxeak Video Graphic azpikontratatu du lanari ekiteko. Eukeni Arriortua aritu da errealizazio lanetan eta editorea Xabier Zabala izan da. Iglesiasek azaldu duenez, erreportajean islatuko dute mendia ez dela bakarrik poza eta zoriona. «Badago mendiaren alde tragiko bat: istripuak, erreskateak, heriotzak...». Ertzaintzaren Mendoiko Salbamendu Zerbitzuko bi partaideren iritziak jasoko dituzte erreportajean.

Lanaren estiloari dagokionez, gidoilariak nabarmendu du ahalik eta errealistenak izaten saiatu direla. «Kortazarrek, adibidez, kontatuko digu istripu larri bat izan zuela Anboto jaisten ari zenean. Jaisten nola lagundu zioten azalduko du. Regil familiakoek, bestetik, kontatuko dute nola duela 40 urte haien aitak istripu bat izan zuen. Orduan ez zegoen erreskate talderik, eta hil egin zen».

'Pumori, mendiaren alaba'

Mendiarekin lotutako beste dokumental bat estreinatuko du ETB1ek hilaren 14an: Pumori, mendiaren alaba. 2001. urtean, Pumori mendira eginiko espedizioan bost euskal mendizale hil ziren: Beñat Arrue, Iñaki Aiertza, Aritz Artieda, Javier Arkauz eta Cesar Nieto. Arruek Nepalgo haur batekin argazki bat atera zuen, eta bera da dokumentaleko protagonistetako bat. Egunotan herriz herri ari dira ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.