Hamaikak Baionako eta Bilboko manifestazioak emango ditu bihar

Gaur gauean 'Ohe hutsak' saioa izango da ikusgai. Kanaldude Baionatik arituko da zuzenean

Iaz Orain Presoak lelopean Bilbon egin zen manifestazioaren irudi bat. ARITZ LOIOLA / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Sarek euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko manifestazioak antolatu ditu biharko Baionan eta Bilbon. Eta hara joan ezin direnek Hamaika telebistan zuzenean ikusi ahalko dituzte mobilizazioetako irudiak. Baionan Ekhi Atorrasagastik aurkeztuko du emankizuna, 15:00etatik aurrera. Eta Naroa Iturri arituko da Bilbon berriemaile lanetan, 17:00etan hasita.

Dena den, Hamaikak bihar goizean hasiko du mobilizazioen inguruko programazio berezia, 10:00etan. Bilboko ostatu eta tabernetara dei berezia bidali dute, Hamaika haien pantailetan sintonizatu dezaten eta herritarrek egunaren berri izan dezaten zuzenean. Sarek Tolosako (Gipuzkoa) Leidor aretoan antolatutako Emakumeok atera bidera solasaldia ikusi ahal izango da. Ainhoa Aznarezek, Garbiñe Biurrunek eta Maria Ruizek parte hartuko dute solasaldi horretan.

Hamaikak azkeneko urteetako mobilizazioen bideo laburpenak emango ditu goizetik; tartekatuko dituzte, gainera, U11 Atera Bidera egitasmoarekin eta presoen egoerarekin lotura duten bideo ugari. Diasporako mezuak jasoko dituzte egunean zehar. Whatsapp zenbaki bat ere zabaldu dute, herritarren parte hartzea ahalik eta zabalena izan dadin: (0034) 688 80 70 93.

Gainera, Herrera de la Manchako (Espainia) espetxera egindako martxaren irudiak eta azkeneko hamarkadatan izan diren mobilizazio esanguratsu batzuk berreskuratuko dituzte.

Arratsaldean, Baionako emankizunean, Ipar Euskal Herriko hainbat kazetariren kontakizuna tartekatuko dute. 16:30ean, Baiona eta Bilbo arteko konexioak baliatuko dituzte: Baionako manifestazioaren amaierako ekitaldia zuzenean emango dute;, gero, lekukoa Bilbokoari pasatuko diote.

Bilboko manifestazioari dagokionez, zuzeneko irudiak hainbat tokitatik emango dituzte: Zabalburuko hasierako adierazpenak, udaletxeko ekitaldia, egunak utzitako irudi esanguratsuak, nazioartetik jasotako mezuak eta herritarrek Whatsapp bidez bidalitakoak. Sare sozialetan, luze eta zabal emango dute ekintzen berri, eta egunaren bilduma zabalduko dute.

'Ohe hutsak', gaur

Biharko egunaren aurrekari gisa, bestalde, Hamaikak Ohe hutsak saio berezia emango du gaur, 22:00etan. Hertzainak taldearen 564 kantatik abiatuta, Ohe hutsak izeneko herri egitasmoa zabaldu da azkeneko asteetan. Egitasmo horrekin lotuta jasotako bideoen eta abestien bilduma berezia ikusteko modua izango da Hamaikan.

Euskal Herriko beste hedabide askok emango dute bihar manifestazioen berri. BERRIAk bideo berezi bat zabalduko du iluntzean. Kanaldudek, berriz, Baionako manifestazioaren bukaera emango du, 16:30ean. Pantxika Maitiak gidatuko du saioa, eta Bixente Vrignon kazetaria elkarrizketatuko du. Gero, Hamaikaren Bilboko irudiak emango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.