'Polonia' saioak hamabosgarren denboraldia hasiko du gaur TV3n

Satira politikoaz gain, gizarte gaiez gehiago arituko dira. Saioaren jarraipena ezbaian egon da

Satira politikoa da Polonia saioaren ardatz nagusia. Irudian, Quim Torra presidentearen karikaturizazioa. MINORIA ABSOLUTA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
TV3 telebista katearen satira politikoko Polonia programak hamabosgarren denboraldia abiatuko du gaur. Aurreko sasoietan ezagunak egin diren pertsonaiek jarraipena izango dute, baina berritasun gisa, gizarte gaiak gehiago landuko dituzte aurrerantzean, Roger Rubio saioko zuzendariaren arabera. «COVID-19aren gaia, eskolak, ospitaleak edo antzekoak ere landuko ditugu; beti heldu diegu gai horiei, baina aurten gehiago. Politikarien jardunak jendea nekatu egin du, eta proces-ak betekada eragin; horregatik, ikusleei arnasa hartzen utzi nahi diegu». Koronabirusaren inguruko gaiak presentzia nabarmena izango du, beraz. «Esate baterako, lehen saioan Miguel Bose Quim Torra presidentearekin batera agertuko da».

Rubiok onartu duenez, Polonia-k egiten duen umorea ez da beltza, zorrotza baizik. «Horregatik, presoen gaia, AEBetako arrazakeria eta antzeko gai labainkorrak landu izan ditugunean, biktimekin errespetuz jokatu izan dugu beti». Egoera horien erantzuleen aurka egin izan dutela dio, eta koronabirusaren gaiarekin ere berdin egingo dutela aurreratu. «Kasu honetan, ezin dugu birusa bera kritikatu, baina bai horren inguruan egin den kudeaketa».

Espainiako Gobernuak martxoaren 14an alarma egoera ezarri zuenean, Polonia saioko lantaldea etxera joan zen, baina horrek ez zuen programaren dinamika gelditu. Etxetik aritu ziren gaurkotasunari lotutako satira egiten. «Makillaje taldeak behar zen guztia bidaltzen zien aktoreei etxera, eta haiek sakelako telefonoarekin grabatzen zituzten gidoilariek aurrez prestatutako esketxak». Lan handia egin zutela dio Rubiok, eta egoerari aurre egiteko asmoz izan zuten erantzunarekin gustura dago. «Dena den, guk zorte handia izan genuen, lanean jarraitu ahal izan genuelako».

Aste honetan itzuli da lantaldea ohiko erritmora, baina erdizka. «Bi taldetan banatuta gaude, eta, platoan batzuk daudenean, besteak ez dira egoten, denak maskarekin; aktoreek maskararik gabe aritu behar dutenean aurretik probak eginda etorri behar dute».

Jarraipenaren zalantza

Polonia-k ekainean hamalaugarren denboraldia amaitu zuenean, ordea, ez zegoen argi programak hamabosgarrenik izango ote zuen. TV3 telebista katearen diru sarrerak asko jaitsi ziren, eta «halakoetan gertatu ohi den bezala, kanpoko ekoizpenak mozteko aukera jarri zen mahai gainean», Rubioren esanetan. Umore saioa Minoria Absoluta ekoiztetxeak egiten du, eta, hark dioenez, jarraipenaren inguruko zalantzak azaltzean arrazoi ekonomikoak aipatu zizkieten. «Gurea bezalako programa baten jarraipena ezbaian dagoenean, beti egon ohi dira arrazoi politikoen inguruko espekulazioak». Kataluniako Generalitateak, ordea, ezohiko diru ekarpena egin dio telebista kateari: 1,5 milioi euro, kanpoko ekoizpenak kontratatzeko. Horri esker eutsi ahal izan diote saioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.