Gaur hasiko da 'Herri txiki, infernu handi'-ren denboraldi berria

Nafarroan egingo dute lehenengo saioa: Garesen. Oholtza berria estreinatuko dute

Mikel Pagadi, Sebastian Lizaso eta Zuhaitz Gurrutxaga aurkezleak saioko oholtzan. EITB.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Udako oporraldiaren ondotik eraberrituta itzuliko da gaur Herri txiki, infernu handi saioa ETB1era. Eraberrituta, itxuraz, eta baita emisio egunez ere. Orain artean igandeetan emititu dute saioa; hemendik aitzinera, ordea, asteazkenetan ikusi ahalko da 22:30ean, bai ETB1en, eta baita eitb.eus atarian ere.

Emisio egunaz gain, eraldaketa fisikoa ere izango du Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadizabalek aurkezten duten saioko zortzigarren denboraldiak. Orain artekoarekin aldatuta, oholtza handiagoa izango dute. Oholtza berriaren erdian, gainera, eskailera batzuk paratuko dituzte, aurkezleen, publikoaren eta gonbidatuen arteko interakzioa handiagoa izan dadin. Pagadizabalez eta Gurrutxagaz gain, Sebastian Lizaso bertsolaria ere oholtzan izango da. Bertso bidez agurtuko ditu programaren hasieran zein amaieran herri bakoitzeko ikusleak.

Lehenengo saioan Garesen (Nafarroa) izango dira Gurrutxaga eta Pagadizabal, eta, herriko historiaren eta leku berezien berri jakiteaz gain, hainbat herritarrekin abentura xelebreak izango dituzte biek ala biek. Pagadizabal Gares ezagun egiten duen XI. mendeko zubian elkartuko da Fernandorekin, eta zubiaren historiaren berri eta herriko armarriko txoriaren kondaira azalduko dio. Ondotik herriko gazteek dituzten izengoitien berri emango dio Aritzek, eta Munduko Laiarien txapelketaren berri ere izango du Guillermo Willy El Perdiz-en eskutik. Olaia Txokarro artistaren arte galeria urbanoa ere bisitatuko du aurkezleak.

Gurrutxaga berriz Garesen batetik bertzera ibiliko da herriko txokoak bisitatzen. Herria gurutzatzen duen Arga ibaian bainatuko da Txetxurekin, Ionerekin gosaldu eta twerking-a dantzatzen ikasiko du, eta Martinek bere lau ezizenen berri emango dio berarekin marmitakoa eta babarrunak bazkaldu bitartean. Gainera, Juankar El Cortecias harakinaren harategian bertako berezitasuna prestatzen izango da: txistorra.

Garestik gaindi, bertze hainbat herri bisitatuko dituzte bi aurkezleek denboraldi berrian, bertzeak bertze OƱati eta Ibarra (Gipuzkoa), Biriatu (Lapurdi), Arakil (Nafarroa), eta Ortuella (Bizkaia).

Arratsaldean 'Biba Zuek'-en

Gaueko estreinaldiaren aitzinetik, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadizabal Biba Zuek saioan izango dira gaur arratsaldean Herri txiki, infernu handi inguruko nondik norakoak aletzen. Hastear dagoen denboraldi honetako berezitasunak eta berrikuntzak azalduko dituzte, eta Jon Garatek bi aurkezleen artxibo-irudi bitxiak eta politak erakutsiko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.