Banpiroak Miramarren dira

Universal Erriberrin ari da grabatzen 'Vampire academy' telesaila, eta asteon Donostian da

Vampire academy telesaileko eszenak grabatuko dituzte zazpi egunez Donostiako Miramar jauregian. URTZI URKIZU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
NBC Universal konpainiaren banpiroen telesail bat Euskal Herrian ari dira grabatzen azkeneko asteetan: irailean ekin zieten filmaketei, Erriberrin (Nafarroa). Produkzioaren langile batek emandako informazioaren arabera, herri horretako San Frantzisko komentuan grabatu dituzte eszena gehienak. Gazteluan beste batzuk ere bai. Egunotan, berriz, lantalde osoa Donostiara joan da. Miramar jauregiaren barnean grabatuko dute zazpi egunez. Jauregiaren kanpoaldean ere grabatu dute eszena laburren bat. Baina Universalek ez du informaziorik eman, eta lantaldeko iturriek azaldu dute aurrerago emango dizkietela xehetasunak komunikabideei.

Vampire academy du izena telesailak. Lehen denboraldia da Euskal Herrian grabatzen ari direna, eta Ameriketako Estatu Batuetan Peacock streaming plataforman estreinatuko dute. Ordainpeko zerbitzu hori ez da Euskal Herrira iritsi, eta ez dute argitu banpiroen telesaila Europan non ikusi ahalko den.

Erriberrin ez ezik, Nafarroako beste herri batzuetan ere grabatu dute azkeneko asteetan: Iratxeko monasterioan, Otazu upategietan, Vianan eta Aiantzen. Martxoan amaituko dituzte denboraldiko hamar atalen grabaketak. Zaragozara ere (Espainia) joango dira.

Nafarroako 140 profesional inguru ari dira fikzioan lanean —aktoreak atzerrikoak dira—. Miramarreko sarreran, antigeno probak egiten ari dira denak. Ezin dute xehetasunik eman, baina aitortu dute aurreko egunetan hotz handia pasatu dutela Nafarroako hegoaldean, zero azpiko zazpi graduko tenperaturekin. Horregatik, kostaldeko tenperatura goxoagoekin gustura zeuden atzo goizean, lanari ekin aurretik.

Richelle Meaden saila

NBC Universalen telesailaren tramak banpiroen akademia batean girotzen dira. Izan ere, Richelle Mead idazlearen izen bereko liburu sail batean dago oinarrituta. Duela zortzi urte, pelikula bat egin zuten saileko pertsonaiak erabilita. Telesailaren kasuan, Julie Plec eta Margarite McIntyre gidoilariek egokitu dute liburuen fikziozko unibertsoa telebistarako. Plecek badu eskarmentua banpiroekin lotutako fikzioekin, hark sortu baitzuen The Vampire Diaries —ETB2k gaztelaniara bikoiztuta eman zuen telesaila, eta TV3ek, katalanera bikoiztuta—.

Egunotan Gipuzkoako hiriburuan den fikzioari dagokionez, Sisi Stringer Australiako aktoreak jokatzen du Rose Hathaway protagonistaren rola —erdi gizakia erdi banpiroa da—. Beste aktore batzuk hauek dira: Kieron Moore, Daniela Nieves, Andre Dae Kim, J. August Richards, Anita-Joy Uwajeh, Mia McKenna Bruce, Rhian Blundell, Jonetta Kaiser eta Andrew Liner.

Egunotan, Loretopean ere (Donostia) grabatu dute eszena bat, itsasoa atzean. Sisi Stringer bera agertu zen gizonezko aktore batekin, lepoaldeko musu arriskutsuren bat tartean zela. Telesailaren bigarren denboraldia ziurtatu dute; non grabatuko duten jakitea falta da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.