Preso baten semearen begietan

Kanaldudek Amaia Nerekanek zuzendutako 'Bost minutu' dokumentala emango du bihar

Getxoko (Bizkaia) preso baten 6 urteko semea da Bost minutu dokumentalaren protagonista. MARMOKA FILMS.
urtzi urkizu
2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Aiurrek 6 urte ditu. Aitak kartzelatik deitzen dionean, bost minutu baino ez ditu harekin hitz egiteko. Baina egoera laster aldatuko da: Endika aita espetxetik aterako da, hemendik gutxira. 540 kilometrora dago preso, baina etxera itzultzeko garaia iritsi da. Bost minutu dokumentalak Algortako (Getxo, Bizkaia) preso baten eta haren semearen arteko harremana du ardatz. Bilboko Zinebi jaialdian estreinatu zuten azaroan. Telebistan, berriz, bihar ikusi ahalko da aurreneko aldiz, Kanalduden: 21:00etan emango dute lana. Ondotik, bi hilabetez izango da ikusgai Kanaldude.eus atarian.

Amaia Nerekan Umaran EHUko irakasle eta ikerlariak izan zuen dokumentala egiteko ideia, eta harena da filmaren gidoiaeta zuzendaritza. Familia protagonista bere herrikoa da, eta pertsonalki ezagutzen zuelako gerturatu zen film bat egitea proposatzera. «Banekien Endika kartzelatu zutela, ezkondu zirela eta Araitz haurdun gelditu zela. Jakin-mina sortu zidan egoerak: amatasuna eta aitatasuna halako egoera batean nolakoak diren ezagutu nahi nituen». Izan ere, presoak eta haren semeak komunikatzeko aukera izan dute duela gutxira arte. Hilean bisita bat, eta bost minutuko telefono deiak. «Intimitate hori erakutsi nahi nuen. Erretratu intimoa egin nahi nuen».

Nerekanek jakin zuenean presoak kalera irteteko eguna zuela, filmaren abiapuntu argitzat ikusi zuen. Presoaren semearen eta bikotekidearen jarraipena egin zuen kalera atera aurreko hilabeteetan. «Haien egunerokotasunean parte hartzeko aukera izan nuen, oso hurbil. Azken bisita, azkeneko telefono deia... eta Endika kalera atera zen eguna ere bai».

Filmaren zuzendariak nabarmendu du mutikoan jarri duela arreta nagusia. «Jakin nahi nuen haurrak nola bizi duen egoera hori».

Proiektua aurrera eramateko, Nerekanek lehenbizi gidoi bat idatzi zuen, eta Eusko Jaurlaritzan laguntza eskatu. Lortu zuen «ezustean» laguntza hori, eta, gero, Zinebi jaialdiko Networking egitasmora aurkeztu zuen proiektua. Ordurako, Marmoka Films ekoiztetxea sartu zen proiektuan. Zinebiren laguntzari esker egin ahal izan zuten postprodukzioa. Soinuan, bestalde, Xanti Salvadorrek parte hartu zuen.

Familia eskertuta dago

Iazko azaroan estreinatu zuten dokumentala, Zinebin. Familia protagonista han izan zen. «Mutikoa oso pozik jarri zen, protagonismoa eman genion, eta solasaldian parte hartu zuen». Preso ohiak, bestalde, zuzendariari adierazi dio «oso ondo islatuta» dagoela hilabete haietan eta egun haietan bizi izan zuena. «Mutikoaren amarentzat, berriz, gogorra izan da. Esaterako, ez da gogoratzen azkeneko telefono deia grabatu genuenik».

Nerekan «oso pozik» dago Kanalduderen estreinaldiarekin. Era berean, lana zenbait jaialditan aurkezteko asmoa du. Baita herriz herri ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.