Arteak inspira dezake zientzia

Aitzol Garcia Etxarrik, Eduardo Saenz de Cabezonek eta Jose Luis Crespok Crossover jaialdian esan dute fikzioak zientziatik edaten duela eta fantasiak zientzian eragin dezakeela.

Aitzol Garcia Etxarri, Jose Luis Crespo eta Eduardo Saenz de Cabezon, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
«Zientzia oso sormenezkoa da. Zientzialari bat beste batetik desberdintzen da neurri batean sortzailea denean». Hala esan zuen atzo Aitzol Garcia Etxarri Donostia International Physics Center-eko nano-fotonikako taldeko buruak Crossover jaialdiko Zientzia eta fikzioa: zientzia telesailetan mahai inguruan, Donostian. Bat egin zuten kontzeptu horrekin Eduardo Saenz de Cabezon matematikari eta TVEko Órbita Laika saioko aurkezleak eta Jose Luis Crespo fisikari eta Quantum Fracture zientzia dibulgazioko Youtubeko kanalaren zuzendariak. Eta Crespok hala nabarmendu zuen: «Zientziak fantasiatik hartzen ditu gauzak. Arteak inspiratzen du zientzia».

Ylenia Benito aurkezlearen galderei erantzunez, hainbat zientzia alorretako telesailak aipatu zituzten hiru zientzialariek. Etorkizun distopikoak direla eta, Black Mirror goraipatu zuten. «Telesail horretan ageri diren kontu batzuk gertatzen ari dira jada», esan zuen Garcia Etxarrik. Saenz de Cabezonek ere uste du Black Mirror-en fin aritzen direla: «Zeren esaten duzu: hara, zer gertu gauden horretatik!». Cresporen arabera, superheroien telesail berrietan agertzen diren exoeskeleto batzuk erabiltzen ari dira egun medikuntzan eta armadan.

Baina Crespok uste du zientzialarien ertz guztiak oraindik ez daudela ustiatuta fikzioan. Eta Garcia Etxarrik argi du egiteko dagoela zientziari buruzko telesail handiena: «Zientziako proiektu batek bere hastapenetik amaiera arte istorio asko ditu. Norbaitek historia osoa garatuko balu fikzio batean, telesail bikain bat egiteko aukera izango luke». Halaber, nabarmendu zuen telesailak erabilgarri izan daitezkeela zientziarentzat: «Ondo legoke telesailak erabiltzea munduari erakusteko zientzian zer lortzen ari garen. Zientzialariok kontatu beharko genuke zertan ari garen».

Solasaldian behin baino gehiagotan aipatu zuten The Big Bang Theory umorezko telesaila. Zientzialari protagonistak «eszentriko» ageri dira fikzio horretan. Cresporen iritziz, gehiegi: «Zientzialariak gehiegi karikaturizatzen dira». Breaking Bad ere aipatu zuten: Saenz de Cabezonek kontatu zuenez, telesaileko zientzia aholkulariari galdetu zioten ea metanfetamina purua zer koloretakoa zen. «Zuria, oso zuria. Gidoilariek galdetu zuten ea urdina jar zezaketen, eta aholkulariak, baietz». Fikzioa nahi den gisakoa izan baitaiteke. Órbita Laika-ko aurkezleak pozgarritzat jo zuen zientziaz eta fikzioaz halako mahai inguruak egitea: «Gorrotoaren apologiari ezagutzarekin egiten baitzaio aurre».

Jaialdia bihar amaituko da

Crossover jaialdiak gaur eta bihar izango ditu azkeneko ekitaldiak: gaur, telesailen eta adikzioen inguruan hitz egingo dute Aitor Gabilondok eta Javier Ginerrek. Bihar, azken egunean, 12:00etan, fikzioen umoreaz arituko dira Amancay Gaztañaga eta Mikel Pagadizabal; Gipuzkoan grabatutako telesailak aipatuko dituzte Julian Iantzik eta Lorenzo Mejinok, eta 2022ko uzta aztertuko dute Borja Crespok eta Maina Suchek. Twin Peaks eta The X-files telesailei buruzko solasaldiarekin amaituko da aurtengo Crossover.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.