Albistea entzun

'Unicorn Wars' ezin da euskaraz ikusi Movistar Plusen, oraingoz

Plataformak esan du «hemendik gutxira» jarri ahalko dituztela filmak hiru edo lau hizkuntzatan
<em>Unicorn Wars</em> euskal ekoizpenak animaziozko film onenaren Goya saria jaso zuen.
Unicorn Wars euskal ekoizpenak animaziozko film onenaren Goya saria jaso zuen. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2023ko martxoak 23

Movistar Plus plataforman film ugari ikus daitezke euskarazko azpidatziekin, baina euskarazko bikoizketarekin arazo teknikoak daudela argudiatu dute, eta zailtasunak daude. Kasu argigarri bat Unicorn Wars animaziozko filmarena da: otsailaren 8an, Movistar Plusek animaziozko filma jarri zuen bere katalogoan, gazteleraz eta galegoz; euskarazko bertsiorik gabe, ordea. Zinema areto batzuetan euskarazko bikoizketarekin proiektatu zuten arren, plataforman ezingo da euskaraz ikusi. Oraingoz, bederen.

Filmeko ekoiztetxea Uniko da. Eta bertako ekoizleek adierazi dute duela bi hilabete bidali zutela euskarazko bertsioa, «konpromisoak betez». Movistar Pluseko iturrien arabera, ordea, euskarazko bertsioa geroago iritsi zitzaien, eta ordurako gaztelaniazko eta galegozko bertsioekin osatua zuten filma zerbitzuan jartzeko. Eta gaur-gaurkoz plataformak ezin omen du film bat hiru hizkuntzatan jarri.

Egoera hori aldatu ahalko dela espero da. Izan ere, Movistar Plusek iragarri du «hemendik gutxira» teknikoki posible izango dela filmak hiru edo lau hizkuntzatan jartzea. Horrek modua emango luke Unicorn Wars euskaraz jartzeko, baita beste eduki batzuk ere.

Netflix Euskaraz herri mugimenduarentzat, «aitzakiak» dira horiek guztiak. «Ez dira argudio onargarriak», salatu dute. «Movistar Plusi dagokio konponbide teknikoa bilatzea. Onartezina iruditzen zaigu plataformak esatea euskarazko bertsioa jartzea teknikoki ez dela posible». Pantailetan euskara sustatzearen alde borrokan ari den taldeak uste du euskarazko bertsioak iritsi egin behar direla, gainerako hizkuntzetako bertsioekin batera, euskara hizkuntza ofiziala delako eta Espainiako Ikus-entzunezko Legea indarrean dagoelako. «Movistarrek, gainera, erakutsi izan du baduela oztopo hori gainditzeko modua: gaur egun bere katalogoan eskaintzen dituen hainbat eduki hiru bertsiotan ari da eskaintzen». Eduki bera bertsio desberdinetan ikusgai jarri ahal izateko, bertsioak eduki berezituak balira bezala jartzea da Movistarrek aurkitu izan duen konponbidea. Baby boss jarri dute adibidetzat; gaztelaniazko, katalanezko eta (gaztelerazko) keinu hizkuntzan dago ikusgai plataforman.

EITBri eta Jaurlaritzari deia

Netflix Euskaraz-ek, berriz, kezka azaldu du euskarazko bertsioen aferarekin, eta adibidetzat jarri du Irabazi arte telesaila Disney Plusen eta Amama filma Netflixen ezin direla euskaraz ikusi.

Horrenbestez, Netflix Euskaraz-ek «beharrezkotzat» jo du Eusko Jaurlaritza eta EITB publikoki agertzea eta euren asmoen berri ematea. «Publikoki argitu behar dute euskal ekoizpenen euskarazko bertsioak Primeran plataformara eta gainerako plataformetara batera iritsiko direla, inoiz ez geroago, eta euskarazko audioak plataformetara egokituta bidaliko dituztela». Herri plataformak gogorarazi du Espainiako legearen arabera, erakunde publikoei dagokiela hori horrela dela gainbegiratzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Ez dut ezer aurreikusten; emaitza sortuz noa»

Unai Etxenausia

«Dena zalantzan jarri» nahi izan du Aiesak Gasteizko Montehermoso kulturuneko erakusketa berrian.'Vestirme mal y desvestirme mucho' uztailaren 2ra bitartean egongo da ikusgai.
Silfioa izan zitekeen, baina mihilu basatiarena da ilustrazioa, ez baitago silfioari buruzko irudirik. ©BERRIA

Silfioaren enigma

Enekoitz Telleria Sarriegi

Duela bi mila urte desagertu zen landarea da silfioa. Zirenen zuen jatorria, gaurko Libian, eta greziarrek eta erromatarrek erabili zuten medikuntzan, sukaldaritzan, lurringintzan... Urreak eta zilarrak adina balio zuen orduan silfioak. Fermin Jimenez artistak silfioaren historia eta zaporea berreskuratu ditu bere proiektuan: mihilu zaporeko izozki bat sortu du.
'Culpa mía' filmeko fotograma bat ©Amazon Prime Video

Bieusek film bat bikoiztu du aurrenekoz Prime Videorentzat

Urtzi Urkizu

Amazonek ostegunean estreinatuko du 'Culpa mía' pelikula, euskaraz ere bai. Gazteentzako fikzio bat da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...