Circom Regional sariak Donostian banatuko dituzte, ekainaren 1ean

Europako Zerbitzu Publikoko Eskualde Hedabideen 39. Biltzarra Kursaalean egingo dute

Galiziako TVGko Motel Valkirias telesaila saritu dute Entretenimendua eta Drama kategorian. MOTEL VALKIRIAS.
urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
39. Circom Regional Europako Zerbitzu Publikoko Eskualde Hedabideen biltzarra eta sari banaketa Euskal Herrian egingo dituzte aurten, eta EITB izango da anfitrioia. Ekainaren 1ean eta 2an egingo dute biltzarra, Donostian.

Maiatzaren 31n kongresuan parte hartuko duten ordezkariei harrera egingo diete Miramar jauregian.

Ekainaren 1ean, berriz, Kursaalean hainbat hitzaldi emango dituzte, We talk, We listen, We share izenburupean (Guk hitz egiten dugu, guk entzuten dugu, guk partekatzen dugu). Zortzi herrialdetako hogei hizlari baino gehiagok parte hartuko dute jardunaldi horretan. Tartean izango dira Unai Iparragirre ETBko zuzendaria eta Mikel Reparaz EITBko Nazioarteko Informazio Saileko arduraduna. Lehen egunean bost solasaldi izango dira. Ekainaren 2an, berriz, Ukrainaz eta hango gerrako kazetaritzaz mintzatuko dira Alyona Nevmerzhytska, Oleksand Holma- kov eta Viktoriia Beha —Reparazek gidatuko du solasaldia—. Biltzarra amaitzeko, Christina Johannessonek eta Marcus Melinderrek hitzaldi bana emango dute.

Biltzarraren helburua da Europako ikus-entzunezkoen sarea osatzen duten kideen artean lankidetza sustatzea eta garatzea. Horrez gain, Circomen xedea da programak elkarrekin ekoiztea eta trukatzea, eta Europa osoan kazetari eta teknikarien lanbide heziketa indartzea.

Sarien berri eman dute

Prix Circom Regional 2023 sariak banatzeko ekitaldia, bestetik, Donostiako Tabakaleran egingo dute, ekainaren 1ean, 19:00etan. Nerea Reparaz ETBko kazetariak aurkeztuko du gala. Musika ere ez da faltako: Neomak eta Kukai euskal taldeak arituko dira oholtza gainean.

Sarien berri eman du dagoeneko Circomek. Dokumentalen kategorian, Poloniako We Were Not Allowed to Cry lana saritu du epaimahaiak. Eta Kataluniako TV3eko Bruixes, la gran mentida dokumentalak —sorginen historiari buruzkoa— aipamen berezia jaso du.

Digital Multimedia kategorian, Suediako klima aldaketari buruzko lan bat da irabazlea. Entretenimendua eta Drama kategorian, Galiziako TVG kateko Motel Valkirias programa saritu dute. Ikerketa kazetaritzan, sari nagusia Irlandako TG4 katearen lan batentzat izan da. Gutxiengoak Gizartean kategorian, Danimarkako TV2 kateko saio bat saritu dute. Kataluniako InfoK Especial Tutankhamon programak, berriz, saiorik original eta berritzaileenaren saria eraman du.

Albistegien arloan, Errumaniako Telejurnaiui Regional izan da garailea. Albistegietako erreportajerik onenaren saria France3ko Le Deuil Périnatal-entzat izan da —dolu perinatalari buruzkoa—. Musika eta Arteak kategorian, Herbehereetako Sjong Junior izan da garailea. Bideo kazetaritzan, Errumaniako TVR Timisoara saritu dute. Eta Pantailako Gazte Talentuaren Saria Suediako Daniel Stromackentzat (STV Halland) izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.