Gizateriaren alde ilunenak, HBOren dokumental saio batean aztergai

Plataformak gaur eta bihar estreinatuko ditu 'Exterminate All The Brutes' lanaren lau atalak

Exterminate All The Brutes saioan aktoreekin grabatutako pasarteak artxiboko irudiekin tartekatuko dituzte. HBO.
urtzi urkizu
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Europako kolonizazioak Amerikan eta Afrikan izan zituen ikuspegi genozida eta ankerrak aztertu ditu Raoul Peck zinemagileak Exterminate All The Brutes dokumental saioan. HBO ordainpeko plataformak lehen bi atalak estreinatuko ditu gaur; eta bihar, hirugarren eta laugarrena. Estreinaldiak bat egiten du Ruandako genozidioari buruzko hausnarketarako nazioarteko egunarekin.

HBOk iragarri duenez, saioak zinema dokumental tradizionalaren mugak gainditzen ditu. Halaber, ikus-entzuleei desafioa egiten die berriro pentsatu dezaten nola idatzi den historia azkeneko hamarkadetan. «Sortzaile eta zinemagile gisa, gure gizarteen isla izan behar dugu, eta, ahalik eta hobekien, haien analisi mota bat eskaini», esan du Peckek. «Artista gisa, gure artearen mugak hautsi behar ditugu».

HBOren dokumental saioa egiteko, hiru liburutan oinarritu dira: Sven Lindqvisten Exterminate All The Brutes; Roxanne Dunbar-Ortiz idazle feministaren An Indigenous Peoples' History of the United States (AEBetako indigenen historia); eta Michel-Rolph Trouillot Haitiko ikerlariaren Silencing the past (Iragana isilarazten). Azken horretan, ikerlariak aztertzen du botereak nola ekoizten duen historia.

Dokumental saioan tartekatzen dituzte artxiboko materialak eta aktoreekin grabatutako fikziozko pasarteak. Modu horretan, historia modu zabalean irudikatzen saiatu dira, bizitza garaikidea eta fikzioa lotuz. Gidoirik gabeko eta gidoia duten edukiak libreki uztartu ditu Peckek. Aktore nagusien artean Josh Hartnett dago.

Ikuspegi indigena

Dokumental saioaren aurreneko atalak gizakien gorroto eta intolerantzia jokabideak azaleratzen ditu: Ameriketako Estatu Batuek potentzia kolonizatzaile gisa izan duten jokabidea, arrazaren instituzionalizazioa, nazien ezabaketa programa eta Afrika banatzeko akordioak dira landutako gaiak. Bigarren atalean, ikuspegi indigenatik kontatzen dituzte historiako zenbait pasarte: Nor izan zen Cristobal Colon? Amerikako «deskubrimenduaren doktrina» eta Afrikatik Amerikara eramandako esklaboen auzia lantzen dituzte, narratibetan historia ofiziala auzitan jarrita.

Hirugarren atalean —bihartik ikusgai—, Peckek gai hauek landu ditu: migrazioak, merkataritza eta armak, eta Europako zenbait herrialdek altzairugintza nola erabili zuten zenbait gerratan. Hiroshimako eta Nagasakiko bonba nuklearren berri ere ematen du.

Azkeneko atalean, faxismoaren koloreak dira protagonista. AEBetako indigenak, esklabotza eta gaur egungo arrazismo instituzionala ageri dira. Peckek nazionalismo-faxismo zuri berria lotu egiten du historiako kolonialismoarekin, nazismoarekin eta esklabotzarekin.

Peck I am not your negro dokumentalaren egilea da —Oscar sarietan hautagai izan zen—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.