Albistea entzun

Ibraimo Abu Mbaruco kazetariak urtebete darama desagertuta

One Free Press Coalition hedabide elkarteak prentsa askatasunaren aurkako kasu larritzat jo du
Ibraimo Abu Mbaruco irrati komunitario bateko kazetaria da, eta hamahiru hilabete daramatza desagertuta.
Ibraimo Abu Mbaruco irrati komunitario bateko kazetaria da, eta hamahiru hilabete daramatza desagertuta. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko maiatzak 12

Mozambikeko Cabo Delgado probintzian, Palma irrati komunitarioan egiten zuen lan Ibraimo Abu Mbaruco kazetariak, iazko apirilaren 7an desagertu zenean. Irratitik etxerako bidean, militar batzuk gerturatu zitzaizkion. Orduz geroztik, haren senideek, lagunek eta lankideek ez dute haren berririk izan.

«Desagerpen behartutzat» jo zuen Amnesty Internationalek: iazko apirilean, gutun bat bidali zion Mozambikeko Justizia ministroari, Helena Mateus Kidari. Amnesty Internationalek gobernuari eta ministroari eskatu zien ikerketa bat abiarazteko, Palma irratiko kazetaria non zen jakin ahal izateko. «Desagerpen behartuak» amaitzeko eta atxilotu guztiei eskubideak bermatzeko eskatu zion, bide batez, Amnesty Internationalek Afrikako herrialdeko gobernuari, eta adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna bermatzeko herrialde horretan.

Hamahiru hilabete luze pasatu dira, eta ez dago Mbarucoren arrastorik. Haren gertukoek ez dakite ezer; inork ez die ezer esan.

One Free Press Coalition elkarteak —mundu osoko 30 komunikabide eta albiste agentzia biltzen ditu— prentsa askatasunaren kontrako premiazko kasuen zerrenda eman du berriki, eta lehen tokian dago Mozambikeko kazetariaren desagerpena. Giza eskubideen aldeko aktibista ere bada Mbaruco. One Free Coalitionen arabera, familiak haren mezu bat jaso zuen desagertu aurretik: «SOS». Senideek eta lankideek iaz salatu zuten beldur zirela ea ez ote zuten militarrek atxiloketa arbitrario bat egin.

Kazetari gehiago jazarriak

Amnesty Internationalen arabera, beste alde batetik, «kezkagarria» da Cabo Delgado eskualdeko iparraldean duten egoera. Al-Shabaab talde armatuak eraso ugari egin ditu herritarren aurka, eta zenbaitetan haien etxeei su eman diete. «Gobernuak presentzia militarra areagotu zuen eskualdean, baina modu desegokian. Izan ere, susmagarriak diren herritarrak eta gatazkaren berri eman duten kazetariak atxilotu eta torturatu izan dituzte. Exekuzioak ere egon dira», Amnesty Internationalek salatu duenez. Erakundeak jakin duenaren arabera, Cabo Delgadoko egoeraren berri eman duten hainbat kazetari jazarri, atxilotu eta espetxeratu dituzte.

Amade Abubacar kazetari eta irrati komunitario bateko esataria 2019ko urtarrilean atxilotu zuten militarrek, eta torturak jasan zituen inkomunikatuta izan zuten hamabi egunetan. Germano Daniela Adriano kazetaria ere atxilotuta izan zuten 2019an.

Mugarik Gabeko Kazetariek duela gutxi argitaratu dute prentsa askatasunaren munduko herrialdeen zerrenda, eta Mozambike 108. tokian ageri da —lau postu egin du behera azken urtean—. «Afrika da kazetariek indarkeriarik handiena jasaten duten kontinentea», diote Mugarik Gabeko Kazetariek. Eritrea dago zerrendaren azkeneko tokian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Migel Joakin Eleizegiren hezurren arrastoak itzultzeko ekitaldia, atzo. ©

Berriz ere Altzoazpiko hilerrian dira Altzoko Handiaren hezurren arrastoak

Nagore Arin

Bi urtez Aranzadiko instalazioetan egon ondoren, berriz ere Altzoazpiko hilerrira itzuli dituzte Migel Joakin Eleizegi Arteagaren hezurren arrastoak.

Itziar Ituño aktoreak Malen Zubiri politikariarena egiten du <em>Intimidad</em> telesailean. ©DAVID HERRANZ / NETFLIX

'Intimidad', Netflixen gehien ikusi den telesaila, ingelesez bestekoetan

Urtzi Urkizu

Txintxua Filmsen fikzioa 58 herrialdetan sartu da Top10ean. IMDB-ko lehen 50etan kokatu da

Eneko Orozek 'Zer ikusi euskaraz' egitasmoa jarri du martxan
Edorta Agirre. / ©Gorka Rubio, Foku

«Janari pista galduz gero, nahi duena salduko digu sistemak»

Miren Garate, Gipuzkoako Hitza

Janaren inguruan «gero eta desinteres handiagoa» ikusten du Edorta Agirrek, Amantala ta mantela liburuaren egileak. Dioenez, «zelofanez ontziratutako produktuek» hartu dute lehengaien tokia. «Horiek zer duten? Sinetsi egin behar, ez baitugu kriteriorik».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...