CACek plataformei eskatu die desinformazioaren aurka jarduteko

Europako Batzordeak gidalerro berriak onartu ditu albiste faltsuen kontrako kodea indartzeko

Roger Loppacher Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluko presidentea, artxiboko irudi batean. CAC.
urtzi urkizu
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Duela hiru urte, Europako Batzordeak kode bat onartu zuen desinformazioari aurre egiteko praktika egokien proposamen zenbaitekin. Urteotan, ordea, albiste faltsuen auziak kezka gehiago eragin ditu han eta hemen, bai erakundeetan bai gobernuetan. Hala, Europako Batzordeak zenbait gidalerro berri onartu zituen joan den astean, kodea indartzeko. CAC Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak garrantzitsutzat jo ditu gidalerro horiek, baina hortik harago joateko eskatu du: Roger Loppacher kontseiluko presidenteak konpromiso handiagoa eskatu die Interneteko plataformei desinformazioari aurre egiteko eta adierazpen askatasuna bermatzeko. Era berean, funtsezkotzat jo du DSA Digital Service Act legea onartzea, plataforma handientzako beste arautegi bat ezarri ahal izateko.

Europako Batzordearen gidalerro berrien artean, parte hartze handiagoa eskatzen zaio enpresa bakoitzari. Konpromisoak egokitu egin beharko ditu enpresa bakoitzak, dagokion dimentsio eta tipologiaren arabera. Beste gidalerro garrantzitsu bat desinformazioa desmonetizatzea da —Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak horretarako proposamenak egin daitezela eskatu du—. Europako Batzordearen arabera, plataformak eta publizitate agenteak arduratu egin behar dira desinformazioaren finantzaketarekin; ekinbideen artean dago desinformazioa sustatzen duten iragarkiei buruzko informazioa ematea.

Kodea udazkenerako eguneratuko du Europako Batzordeak. Eta gidalerroen artean aipatu dukontu faltsuen, manipulazio kanpainen eta bot deiturikoen (adimen artifizialeko robotak) kontrola areagotzea. Halaber, funtsezkotzat jo du erabiltzaileek gero eta tresna gehiago izatea albiste faltsuak zein diren jakiteko eta desinformazioa salatzeko.

Kode berriak datuen egiaztatzaileen arteko elkarlan handiagoa aurreikusten du, eta horrek garapena izatea Europako Batasuneko herrialdeen eta hizkuntzen artean. Jarraipen eremu bat ere sortu nahi du Europako Batzordeak, plataformen ekinbideen emaitzak neurtu ahal izateko.

EduCAC, ikastetxeetarako

Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluko presidente Roger Loppacherren iritziz, pandemia garaian argi geratu da albiste faltsuak «benetako mehatxua» direla adierazpen eta informazio askatasunarentzat, eta ohartarazi du neurriak «lehenbailehen» ezarri behar direla. Kontseilu horrek desinformazioaren inguruko zazpi txosten landu ditu azkeneko urteetan —pandemia garaian egin dituzte azkeneko lauak—.

Kontseiluak EduCAC programa abiarazi zuen 2018-2019ko ikasturtean, Generalitateko Hezkuntza Sailarekin lankidetzan. Ikastetxeei eta familiei zuzendua dago. Egitasmoko materialek aukera ematen dute ikus-entzunezkoen askotariko gaiak aztertu eta albiste faltsuak antzemateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.