'Kolpez kolpe' berezi batekin hasiko du Hamaikak udako programazioa

Udako magazina, dokumentalak eta askotariko musika emankizunak ikusi ahalko dira

Tessa Andonegi aktorea, Kolpez kolpe saioaren udako atal berezian. HAMAIKA.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Itziar Ituño aktorearekin emango dio Hamaikak hasiera udako programazioari, gaur; izan ere, udako solstizioko Kolpez kolpe berezia egingo dute 22:00etatik aurrera. Basaurin (Bizkaia) jaiotako aktorea gonbidatuko dute programara, eta San Joan bezperako usadioak komentatuko dituzte. Ohiko moduan, Naroa Iturrik aurkeztuko du Kolpez kolpe, Donostiako Hamaikaren egoitzatik.

Ekhi Atorrasagasti eduki arduradunak iragarri du hurrengo asteetan eta irailera bitartean Hamaikak «programazio udatiarra» eskainiko diela ikus-entzuleei: «Informazio zerbitzuak, udako aktualitatea eta entretenimendua ez dira faltako».

Azkeneko denboraldian, Hamaikak ahalegin berezia egin du Gurean gaur aktualitate magazinarekin. Uztailean ere jarraituko du saio horrek, Karol Suarez kazetariak gidatuta. Abuztuan «ezustekoak» iritsiko direla aipatu du Atorrasagastik.

Udan askotariko dokumentalak emango ditu Hamaika telebistak: ostiral gauean, Izadi. Espetxean jaiotako atzera kontaketa lana; Asier eta biok lana, berriz, aurretik beste telebista eta plataforma batzuetan eman izan dute, baina Hamaikak, filma emititzeaz gain, atariko elkarrizketa berezi bat egingo du Aitor eta Amaia Merino zuzendari eta ekoizleekin. Egun gutxi barru jakinaraziko dute zein egunetan emango dituzten dokumentala eta elkarrizketa.

Uztailaren 6an, San Fermin bezperan, Hamaikak saio berezi bat egingo du: garai desberdinetako txupinazoak eta Iruñeko sanferminetako irudi historiko berezienak berreskuratuko dituzte.

Bestelako emankizunak ere prestatuko ditu uda honetan Hamaikak: Sei balore, sei kolore saioa, Yogurinha Borovarekin eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin; Burgosko auziaren inguruko elkarrizketa Txutxo Abrisketarekin; Sisiforen paperak antzezlanaren —Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren ingurukoa da— gaineko erreportajea...

Musika emanaldiak

Gainera, Hamaikak Doka Tartea berreskuratuko du. Kontzertu hauek izango dira ikusgai: Niña Coyote eta Chico Tornado; Kaleko Urdangak; Iker Lauroba eta Leire Leturia; eta Physis Versus Nomus.

Nafarroako Gobernuak babestutako zuzeneko emankizunak ere eskainiko ditu kateak, hala nola Flitter taldeak Iruñeko Baluarte jauregian eman zuen kontzertua. Durangoko Azokako Sormen eguneko emanaldiak ere izango dira ikusgai. Musika zuzenean saioan urteko unerik onenak berreskuratuko dituzte.

Haurrei zuzendutako eskaintzan, Miru sorginaren saioek ez dute etenik izango uda osoan.

Saio horiek guztiak lurreko telebista digitalaren bidez, Euskaltelen oinarrizko eskaintzan eta hamaika.eus webgunean ikusi ahalko dira. Youtuben zerrendak egingo dituzte, eta beste sare sozialetan ere ez da edukirik faltako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.