Mende laurden bat zientziaren dibulgazioa uhinetan barreiatzen

Euskadi Irratiko 'Norteko ferrokarrila' saioak 25 urte bete ditu, eta atal berezia egingo dute etzi

Guillermo Roak hamazazpi urte daramatza Norteko ferrokarrila zientzia saioa aurkezten. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Irratigintzan ez da ohikoa gaikako saio batek hainbeste urtez irautea, baina Elhuyar fundazioak ekoizten duen Norteko ferrokarrila zientzia saioak 25 urte bete ditu dagoeneko. Ostiralean emankizun berezia egingo dute. Ohiko moduan, Euskadi Irratian entzun ahalko da, 21:05etik 22:00etara. EITBren webgunean ere bai.

Guillermo Roa saioko esatariak nabarmendu du zientzia dibulgazioa egitea oinarrizkoa dela edozein komunikabidetan. «Publikoetan, are gehiago. Euskadi Irratiak erraztasun guztiak jarri dizkio beti Elhuyarri. Dirudienez, gustatu zaie programa egiteko gure modua eta gure planteamendua».

Pili Kaltzada izan zen lehen esataria, 1996an saioa sortu zutenean. Hiru urte geroago, Teknopolis aurkezten ere hasi zen Kaltzada. Beste bi esatari aritu ziren gero: Lourdes Ansa eta Oier Araolaza. 2003an, Araolazak Elhuyar uztea erabaki zuen, eta taldeko zientzialariei esan zien irratsaioa egiteko gai izango liratekeela. Nagore Rementeriak eta Roak altxatu zuten eskua, eta 2004ko irailean hartu zuten programaren gidaritza, Araolazaren formazioa jaso eta gero. Rementeria Teknopolis ETBko saiora pasatu zen gero —zuzendaria da egun—. Eta Roa Norteko ferrokarrila-ren makinista gisa gelditu zen. Hala jarraitzen du gaur egun.

Hamazazpi urte ez zaizkio alferrik pasatu Roari: «Urte hauetan sortu ditut nire ohiturak, nire lan egiteko modua. Euskadi Irratian ikasi dut irratia nola egin». Irratiko zenbait esatarik asko lagundu diotela nabarmendu du. Teknikariek ere bai: «Joseba Arzelusek, Mikel Olazabalek eta Igor Martinez de Lezeak asko lagundu didate. Ez dira ikusten, baina proposamen ugari egin izan dizkidate. Teknikariak ezinbestekoak izan dira Norteko ferrokarrila-rentzat».

Zientzia saioaren gidariak, halaber, azaldu du irratian ezin dutela emankizun akademiko bat egin: «Bere alde ludikoa badu saioak. Umoreak eta anekdotarioak egon behar dute». Azkeneko asteetan, pozoiei buruzko atal bat egiten ari dira, Agatha Christieren eleberrietan oinarrituta.

Ostiralean, berriz, zientziarekin zerikusirik ez duten bi pertsona elkarrizketatuko ditu Roak. Behin Bernardo Atxaga elkarrizketatu zuen: «Oso ondo joan zen. Ez nago zientziatik kanpo jendea elkarrizketatzera ohituta, dena den». Glasgowko COP26 klima larrialdiari buruzko goi bileraz ere mintzatuko dira. «Agian ez da unerik onena ondorio osoak jasotzeko. Kontuan izan behar da paraleloan klima aldaketaren zientzia ikerketa dagoela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.