Euspot lehiaketan kooperatibei buruzko lanak egin beharko dituzte

Maiatzaren 19ra arte aurkeztu ahalko dira iragarkiak. Saritan 3.000 euro banatuko dituzte

Euspot lehiaketaren edizio berria asteazkenean aurkeztu zuten, Gasteizen. EUSPOT.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Gazteak kooperatibismora gerturatzea eta kooperatibismoaren balioa nabarmentzea izango dira XI. Euspot lehiaketaren helburu nagusiak. Parte hartzaileek, 30 segundoko iragarki batean, kooperatibismoa hartu beharko dute gai nagusitzat. Antolatzaileen arabera, asko izan daitezke arrazoiak kooperatiba batean lan egiteko: «Kooperatibetan soldata duina irabazten delako; aberastasunaren banaketa orekan oinarritzen delako; herritik sortutako eta herrira ondo errotutako proiektuak direlako; iraunkorragoak direlako, kalitatezko enplegua eragiten dutelako; gizonen eta emakumeen arteko parekotasuna sustatzen dutelako; eta berrikuntza handiko proiektuak direlako». Ezaugarri horiei ere heldu ahalko diete hautagaiek.

Saritan 3.000 euro banatuko dituzte: mila euro jasoko ditu spot-ik onenak; 500 euro publikoaren sariaren irabazleak; beste 500 euro 14-18 urte arteko gazteen saria lortzen duenak; eta 300 euro musika sinkronizazio onena egiten duenak. Badira beste bi sari: Mondragon Unibertsitateko ikasleen spot-ik onena —500 euro jasoko ditu— eta Arizmendi ikastolako (Arrasate, Gipuzkoa) ikasleen lanik onena (250 euro).

Parte hartzaileek maiatzaren 19ra bitartean izango dute aukera lanak aurkezteko.

Aurten, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua izangoda babesle nagusia. Lehiaketaren antolatzaileak beste hauek dira: Aretxabaletako Udala (Gipuzkoa), Arteman komunikazio agentzia, Mondragon Unibertsitatea eta Arizmendi ikastola.

Formakuntza Internetez

Lehiaketaren iazko berrikuntza ereduari jarraituz, aurten ere formatua librea izango da. Hau da,spot-a edozein formatutan grabatu ahal izango da: horizontalean zein bertikalean.

Bestalde, antolatzaileek ikus-entzunezko publizitatearen gaineko Internet bidezko formakuntza eskainiko du, «spot egileen harrobia indartzeko asmotan». Trebakuntza saioen helburua izango da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea.

Aurreko urteetan, Euskal Herriko sortzaile ugarik aurkeztu dituzte lanak lehiaketara. Antolatzaileek nabarmendu dute irudimena eta sormena direla Euspot elikatzen duten iturri nagusiak. Hortaz, lehiaketa irekia da, eta edozeinek har dezake parte. Aurreko urteetan 500 spot baino gehiago jaso dituzte.

Lehiaketarentzat funtsezko tresna da Euspot.eus webgunea. Han aurki daitezke oinarri guztiak —galdetegi bat bete behar da lanak aurkeztu ahal izateko—. Webgune horrek 20.000 ikustaldi inguru izaten ditu urtero. Sare sozialetan, bestalde, 2.000 jarraitzaile baino gehiago ditu.

Aurreko urteko sari nagusiaren irabazlea Iñigo Zapirain Garmendia izan zen, Geroa ereiten izenburuko iragarkiari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.