Antzerkitik pantailetaraino

Barrexerka taldeak bigarren ekitaldia egingo du hilaren 25ean, eta, gero, Interneten jarriko dute

Barrexerka taldeak eguneroko bizimodua du abiapuntua umorezko esketxak egiteko. BARREXERKA.
urtzi urkizu
Donostia
2018ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Euskarazko eskaintza berritzaile bat egiten ari dira Barrexerka taldeko kideak, antzerkia, ikus-entzunezkoak eta Internet uztartuz. Jendaurreko emanaldiak egiteari ekin diote, eta, gero, ekitaldi hori Interneten jartzen dute. Baina emanaldiari bestelako edukiak gaineratzen dizkiote sarean, tartean umorezko esketxak. Jendaurreko lehen ekitaldian Xabier Madariaga kazetaria gonbidatu zuten. «Izan zuen harrera onak bultzatu gaitu bigarren saioa egitera», esan du taldeko kide Mikel Irazustak. Eta hilaren 25ean, Donostiako Sagues auzoan, Gure Zirkuak jarri duen karpan egingo dute bigarren emanaldia. Kike Amonarriz izango dute gonbidatu nagusi. «Esketx eta antzerki berriak erakutsiko ditugu bertan», iragarri du taldeko aktore eta gidoilari Maialen Sorzabalberek.

Umore berezia erabiltzen du Barrexerkak. «Gidoiak idazteko orduan ez gara pentsatzen jartzen nolako umorea egin nahi dugun», esan du Sorzabalberek. «Amonarrizek umore mota propioa genuela esan zigun. Eguneroko bizimoduko egoerak dira gure abiapuntua».

Irazustarekin eta Sorzabalbererekin batera, honako hamar lagun hauek osatzen dute Barrexerka taldea: Peru Ansorena, Nerea Aranburu, Graxi Arregi, Ekain Arrieta, Beñat Bidegain, Amaia Iraundegi, Garazi Mitxelena, Paul Murua, Maddi Olazagoitia eta Amaia Rojo.

Euskara hutsezko ikuskizun bat sortzeko helburua zuen taldeak, hasiera batean. Baina ez ziren horretara bakarrik mugatu. «Azkenean, antzerkia eta ikus-entzunezkoak uztartzen zituen ekitaldi bat sortzea erabaki genuen. Euskal Herrian ez zegoen horrelako formatuan ezer, eta aukera paregabea iruditu zitzaigun gazteak euskarazko edukiak kontsumitzera erakartzeko», azaldu du Irazustak.

Irazustak uste du Barrexerkako ikuskizunak Interneten jartzeak aukerak zabaltzen dituela: «Zuzenekora etorri ez direnei ikusteko aukera eman nahi diegu, eta etorri direnei berriz gozatzekoa. Hala ere, ikuskizunak galdu egiten du zuzeneko berotasunetik ordenagailu pareko bakardadera, eta, horregatik, jendea zuzenekoetara etortzeko animatu nahi dugu».

Aukera berrietara zabalik

Ikus-entzunezko edukien sorkuntzan umorezko esketxekin hasi dira Barrexerkan, baina aitortu dute bestelako formatuak egitea ere gustatuko litzaiekeela. Sorzabalbere eta Rojo fikziozko websail batean ari dira lanean: Puntu Koma. Barrexerkan ez dizkiote ateak ixten etorkizunean halakoekin hastea. «Ez dugu ezer baztertzen», dio Irazustak.

Taldea apaltasunez hasi da, edonola ere. «Talde eta ikuskizun moduan hobetu egin nahi dugu», esan du Sorzabalberek. «Erronka handiagoetan pentsatzen jartzeko goiz da oraindik». Hilaren 25era joateko deia egin dute, ilusioz. Donostiako Platero eta Aurresku tabernetan, eta Bagera elkartean eros daitezke sarrerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.