FMra itzuli da Mozoilo irratia

Galdakaoko irratiak 11 urteko isilaldia izan du. Euskarazko saioak arratsaldean emango dituzte

Igande arratsaldean egin zuten aurreneko saioa Galdakaoko Mozoilo irratiko esatariek. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Galdakaoko (Bizkaia) Mozoilo irratia martxan da, 11 urtez FMn isilik egon eta gero. Herritarrek 18.000 euro baino gehiago eman dituzte —finantza kolektiboko kanpaina bat egin zuten—, eta horri esker berpiztu dute proiektua. FMko 97.5ean sintoniza daiteke irratia. Igandean egin zuten aro berriko lehen irratsaioa, eta atzo ekin zioten ohiko programazioari. Saioak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dituzte.

Xabier Ealo Mozoilo irratiko esatariak azaldu duenez, duela bi urte hasi ziren irratia berreskuratzeko lanetan. «Baina oztopo politikoak direla medio, berreskuratze lana luzatu egin da». Ez zituzten diru laguntza publikoak jaso, eta horregatik eskatu zieten laguntza herritarrei. «Herritarrek lagundu digute irratia berreskuratzen. Galdakoztar guztien irratia da Mozoilo».

Programazioan informazioa eta musika gailenduko dira. Ealok iragarri duenez, goizetan gehienbat gaztelaniaz arituko dira, eta, arratsaldeetan, batez ere euskaraz. «Baina egoerara moldatuko gara: adibidez, norbaitek goizetan deitzen badu eta euskaraz hitz egin nahi badu, euskaraz erantzungo zaio». Gauetan, bi hizkuntzetan egingo dituzte programak.

Hamabost lagun inguru arituko dira Mozoilo irratian saioak prestatzen. Horietatik bost lagunek irratia martxan jartzea erabaki zuen taldea osatzen dute —tartean da Ealo—. «EHUrekin akordio bat sinatu dugu, eta sei ikasle arituko dira praktiketan». Horiez gain, Mozoilo irratiaren aurreko etapan esatari aritu ziren zenbait lagunek parte hartuko dute.

Galdakaotik kanpo ere bai

Lehen bi egunetan, hainbat lagunek irratiari jakinarazi diote Mozoilo FM bidez entzun dutela Galdakaotik at: Zornotzan, Barakaldon, Txorierri inguruan eta Leioan. Gainera, Mozoilo irratia Internet bidez entzun daiteke gdkoirratia.com webgunean.

Ealok nabarmendu du proiektuak harrera «ezin hobea» izan duela herritarren artean. «Herria, gu bezala, Mozoilo irratiaren zain egon da. Iraileko jaietan, gainera, pregoia botatzeko aukera eman ziguten». Esatariaren ustez, haiek bezala, herritarrak «ilusioz beteta» daude irratiaren berpiztearekin. «Sare sozialen bidez diala zabaldu genuenean, jende ugarik zoriondu gintuen. Une bereziak ari gara bizitzen».

Nahiz eta diru askorik ez duten —mendiko igorgailua erosteko inbertitu dituzte sos gehienak— eta baliabideak gutxienekoak izan, Ealok esan du lanerako baliabide egokiak dituztela. «Aurrerantzean ekipoak hobetzeko asmoa dugu, baina, bitartean, daukagunarekin konformatu beharko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.