Albistea entzun

Kabunker taldeak irabazi du 'Gaztezulo'-ren bideo lehiaketa

Epaimahaiak lehen saria eman die Andoni Carnovich, Eneko Fernandez eta Aitor Ollo sortzaileei. Bideoa albistearen barruan.
Kabunker taldearen <em>Mezu bat espaziotik</em> animaziozko lanak lortu du lehen saria.
Kabunker taldearen Mezu bat espaziotik animaziozko lanak lortu du lehen saria. GAZTEZULO Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko ekainak 18

Aspaldi hilda dagoen astronauta bat, espazioan. Umorez jositako hitzak. Eta historiako zenbait kondairatako pertsonaien moldaketa laburrak. Espazioa eta hildako astronauta berriz ere, istorioari errematea emateko. Ez da bi minutura iristen, baina Kabunker taldeak sortutako Mezu bat espaziotik animaziozko bideoak badu mamia. Hori izan da Gaztezulo-ren XII. Bideo Lehiaketan lehen saria irabazi duen lana. Atzo gauean egin zuten sariak banatzeko ekitaldia, eta Gaztezulo-k Twitch plataformaren bidez eman zuen, zuzenean —berriki estreinatu du aldizkariak kanala plataforma horretan—. Ainhoa Azkue Nebukai-k egin zituen emankizuneko aurkezle lanak.

Mezu bat espaziotik bideo irabazlearen egileak Andoni Carnovich Arruabarrena, Eneko Fernandez de Miguel eta Aitor Ollo Urnieta dira. Epaimahaiak nabarmendu du estetikoki «oso-oso polita» dela lana. «Ideia ere originala da, benetan pentsatua eta landua. Animazio sinple baina ederra». Animazio «fina» eta istorioa «ondo kontatua» dituela gaineratu dute epaimahaiko kide Jon Plazaolak, Ane Irazabalek eta Izaskun Arandiak. Lehiaketaren hamabi urteetan, bigarren aldia da animaziozko bideo batek lehen saria lortzen duena.

Bigarren saria Ainhoa Mariscalen eta Jon Barbarroren Entzun film laburrarentzat izan da. «Mezuak konbentzitu gaitu. Belaunaldi berrientzako eta ez hain berrientzako kontuan hartzekoa», esan du epaimahaiak. Adineko emakume bat ageri da lan horretan, gazte garaiko kontuak gogoratzen.

Publikoaren saria Bapatekoak taldeak irabazi du, Lotzen gaituen hori bideoari esker. Sara Cacho, Garazi Fernandez, Irati Rubio eta Adrian Tubia dira talde horretako sortzaileak, eta haien lanak lortu du herritarren boto gehien.

Aurtengo lehiaketan, hogei bideo jaso ditu Gaztezulo-k. Aurreneko saria irabazi dutenek 1.200 euroko saria eramango dute; bigarren saria jaso dutenek, 300 euro; eta publikoaren saria bereganatu dutenek Gaztezulo-ren produktu eta opari sorta bat eskuratuko dute.

Lehiaketara aurkezten diren lan guztiek euskarazkoak behar dute izan. Irabazleekin batera, beste finalista hauek nabarmendu ditu epaimahaiak: Lotzen gaituen hori; Itzulera; eta Gero arte. Youtuben ikus daitezke horiek guztiak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Ez da batere gozoa 124 urteko familia negozioa ixtea»

Iker Tubia

Aramendiak uste du gozogintza artisaua lanbide ederra dela; lotua bai, baina esker onekoa. Bere familiak orain arte mantendu duen negozioarekin jarraitzeko lantalde egonkorrik ez du lortu.
 ©GERTRUD ZACH / TRAINING SUPPORT CENTE

Izenaz jabetu, izanaz gabetu

Ainize Madariaga

Zanpatzen den populuaren izena hartu ohi dute zanpatzaileek armadako sorkuntzak izendatzeko: amerindiarren izenak, adibidez, AEBetako aire armadan. Haatik, euskal izenez ere jabetzen ari dira Frantziako eta Espainiako armadak: 'Belharra', 'Navarre' edo 'Elkano'. Jabetze kulturala erraten zaio horri.

 ©KANALDUDE

«Badago zer erran euskal zinemaz»

Urtzi Urkizu

Kanalduden ikusgai dago 'Zinez' saioaren aurreneko atala, Josu Martinez zinemagilearekin grabatutakoa. Euskal zinemaz arituko dira, elkarrizketa «intimoen» bidez. Olasagastik esan du asko ikasten ari dela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.