Gazteak dauden tokira jo dute

Gaztea irratiak eduki propioak eskaintzen ditu webgunean, sare sozialetan eta 'podcast'-etan

Gaztearen Instagrameko kontuak 15.800 jarraitzaile baino gehiago ditu. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Irratiko uhinen emanaldiaz harago, EITB taldeko Gaztea irratia ahalegin berezia egiten ari da azkenaldian eduki digitaletan. «Gure estrategia entzule gazteak dauden tokietan egon eta haien aisialdirako edukiak euskaraz eskaintzea da», azaldu du Jon Lamarka Gazteako koordinatzaileak. Webguneko eta sare sozialetako eskaintza berezituez gain, Gazteak bere zerrendak partekatzen ditu Spotifyn, eta podcast-ak ekoizteari ekin dio berriki.

Lamarkak nabarmendu du «oso landuak» direla egiten hasi diren podcast-ak. Guztiek musika dute ardatz, baina askotariko ertzei heldu diete. «Abiapuntua da erreportaje bereziak egitea. Interesgarriak, aktualitateari lotuak beti, baina atenporalak». Erreportaje horiek lehenbizi Dida, GU eta Baldean irratsaioetan ematen dituzte, eta sarean zabaltzendituzte gero. Besteak beste, Kortatu taldearen duela 35 urteko lehen kontzertuei buruzkoa, Amy Winehouse musikariaren heriotzaren ingurukoa eta Berri Txarrak taldearen gainekoa daude entzungai. Ainhoa Vitoria esataria da Gazteako podcast-en arduraduna.

Gazteako koordinatzaileari iruditzen zaio asko dutela egiteko: «Sakelako telefonorako jauzia egin genuen, baina eduki onak landu behar ditugu, hainbat plataformatara egokitu; nabigazio esperientzia erraza eta aberasgarria ere eskaini behar diegu entzuleei, batez ere kontuan izanda sakelakoan kontsumituko dela gero eta gehiago».

Sare sozialetako estrategia

Lamarkak oso argi du leiho bakoitzak bere eduki egokituak eta moldatuak behar dituela. «Sare sozialetan edo webgunean plus bat eskaini behar duzu, zure ildo editorialarekin eta irratiaren senarekin bat datorrena». Gazteako koordinatzaileak ohartarazi du sare sozialek ezin dutela izan publizitatea edo promozioa egiteko kanalak. «Eduki propioak behar dituzte, eta Gaztea marka sendotzea dute helburu». Sare sozial bakoitza zaintzea funtsezkotzat jo du.

Gazteak webgunerako edo Facebook-erako bideoklipak egiten ditu tarteka; B Aldea saiorako egindako bideoetan, argiztapena eta audioa arretaz zaintzen dituzte. «Edonola ere, entretenimenduari begira formatu txikiko edukiak banatzen bizkorrak behar dugu izan, irratiaren esentzia bat-batekotasuna baita». Instagramen 16.000 jarraitzailera iristeko zorian da Gaztea. «Instagram eta euskaraz izanik, ez da marka makala», uste du Lamarkak. Datu esanguratsutzat jo du BBC Radio 1 irratiak jada Youtuben audientzia handiagoa duela irrati tradizionalean baino. «Egokitu beharra erakusten du horrek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.