Filminek ekoitzitako lehen telesaila estreinatuko dute

Carlo Padialen nobelan oinarritutako 'Doctor Portuondo' lana emango dute gaur Atlantida jaialdian. Udazkenean iritsiko da plataformara

Portuondo doktorea eta bere pazientea, terapia saio batean. BERRIA.
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Filmin streaming plataformak beste jauzi bat eman du. Filmak eta telesailak eskaintzen dituen plataforma digitalak berezko lehen lana ekoitzi du aurten: Doctor Portuondo telesaila. Gaur izango da lehen bi atalen estreinaldia, Palmako (Herrialde Katalanak) Atlantida zinema jaialdian.

Atlantida jaialdia aurrez aurrekoa eta digitala izango da, eta Filminen bitartez ikus daitezke han estreinaturiko lanak. Doctor Portuondo, berriz, zinema aretoan soilik emango dute. Etxeko ikusleek udazkenera arte itxaron beharko dute lan berriaz gozatzeko.

Carlo Padial idazlearen izen bereko nobelaren moldaketa da telesaila, eta Padial bera aritu da zuzendari lanetan. Jorge Perugorria eta Nacho Sanchez aktoreak izango ditu protagonista sei atalez osaturiko lan berriak. Portuondo doktorearen azalean sartuko da Perugorria: psikoanalista kubatar xelebre bat da hura, eta Sanchezek gorpuzturiko pazinte gazte baten arazo emozionalak arintzeko ahaleginetan ibiliko da. Berezko bizipenetatik abiatuta idatzi zuen nobelaren umorea mantentzen ahalegindu da Padial telesailean ere, alter egoa duen pazientearen eta doktorearen arteko harremanaren bitartez.

«Geure burua eta ingurukoak ulertzen» lagunduko duen lan bat sortu nahi izan du Padial zuzendariak, betiere umorea ardatz hartuta. Psikologo baten besaulkian eseraraziko ditu ikusleak etxetik mugitu gabe: «Guztiok behar dugu terapia, eta telesail hau aukera paregabea da une batez bada ere egiteko».

Ate berri bat zabaldu du

Roca del Valles (Herrialde Katalanak) herrian dago girotuta telesaila, eta udaberrian aritu ziren han grabaketak egiten. Filminek jakinarazi duenez, hainbat aktoreko lan taldeak hartu du parte ekoizpenean. Berto Romero eta Judith Marti umoristak, eta Arturo Valls, Elisabeth Casanovas, Olivia Delcan eta David Pareja ikusi ahal izango dira, besteak beste.

Doctor Portuondo «mugarri berri bat» izan da plataformarentzat, ateak ireki baitizkio berezko ekoizpenari. Filmin Original zigilupean ekoitzi dute telesaila, eta horixe bera izango da aurrerantzean egingo dituzten lanen marka ere. Izan ere, plataformak adierazi du telesailaren ekoizpenak berretsi egiten duela Filminek «eskaintza oso eta berezigarri bat» izateko duen borondatea. Ikusteko dago datozen hilabeteetan zein bide egingo duen, baina, oraingoz, urrirako espero dute telesailaren estreinaldi ofiziala.

Prentsarentzako emanaldi berezia izango dute gaur Atlantida jaialdian. Aurkezpenean parte hartuko dute zuzendariak, Carlos de Diego gidoilariak, eta Jorge Perugorria, Nacho Sanchez eta Berto Romero aktoreek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.