Espainiako Gobernuak lege dekretu bat onartu du RTVE berritzeko

Hilabete bateko epean izendatuko dute presidente berria. PPk helegiteak aurkeztuko ditu

RTVEko Donostiako egoitzako langileak, atzo. Ostiraletako protestekin jarraituko dute irrati-telebistako langileek. BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
RTVE behin-behinean arautu ahal izateko, eta botere hutsunea egon ez dadin, Espainiako Gobernuak lege dekretu bat onartu du. Berehala jarriko da indarrean, eta, horren arabera, hamabost eguneko epean RTVEko administrazio kontseiluko hamar kide berriak aukeratuko dituzte —sei Kongresuak eta lau Senatuak—. Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak iragarri duenez, kide horiek bi hereneko gehiengoarekin onartu beharko dituzte Espainiako Kongresuan lehen bozketan, eta gehiengo absolutuz bigarren bozketan handik 48 ordura. Haietako bat izango da presidente berria —hilabete bateko epean izendatuko dute—. Jose Antonio Sanchezek atzo utzi zuen kargua, legeak hala aginduta.

PSOEko ministroak, edonola ere, gogoratu du RTVEko presidente berria behin-behinekoa izango dela, eta iazko irailean onartu zen legeak bere bidea egingo duela. Hau da, adituen batzorde bat hautatuko dute, eta lehiaketa publiko bat egongo da hurrengo presidentea aukeratzeko. «Gobernuak hartu duen erabakiarekin, iazko legearen prozesua ez betikotzea nahi dugu. Ezin dugu utzi RTVEk orain arteko kontrol ideologikoarekin jarrai dezan», esan du Zelaak.

Gobernuko bozeramaileak baieztatu du PSOEk Espainiako Kongresuko beste talde politiko batzuen babesa duela. «Sorrerako oinarriak fideltasunez beteko ditu RTVE berriak: pluraltasuna, independentzia, inpartzialtasuna, egiatasuna eta objektibotasuna».

PPko bozeramaile Rafael Hernandok iragarri du bere taldeak helegiteak jarriko dizkiola gobernuaren lege dekretuari, «ahalik eta auzitegi gehienetan». Gaineratu du Espainiako Gobernuaren erabakia «deitoragarria» dela eta RTVE beretzat nahi duela.

Prentsaurrekoaren ostean, Zelaak adierazi du RTVEko presidente berriak ikus-entzunezko munduko pertsona «garrantzitsu» bat izan behar duela: «Eragozpenik eta objekziorik onartzen ez duena».

Ciudadanosek gogor kritikatu du gobernuaren dekretua: «Nahi zuten bakarra Tele PP kentzea zen, Tele PSOE jartzeko».

Podemosen ustez, «ezinbestekoa» zen egungo zuzendaritza kentzea eta Kongresuko pluraltasuna kontseiluan islatzea.

Protestak ez dira amaituko

RTVEko langileek protestekin jarraitzen dute. Bi hilabete dira ostiralero beltzez jantzita ageri direla, kameraren aurrean eta atzean. Batzar batean, langileek erabaki dute «ostiral beltzekin» jarraitzea, RTVEren «independentzia» eta «pluraltasuna» bermatzen dituen konponbide adostu bat lortu arte. Albistegietako kontseiluek bat egin dute erabaki horrekin. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako langileek ere protesta egin zuten atzo.

UGT sindikatuak esan du gobernuaren lege dekretua erabaki «ausarta» eta «beharrezkoa» dela, eta eredu berri bat egonkortu beharko dela, «agintzen duenak aginduta ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.