Kontzertuen eztanda txiki bat

Gasteizko Vital fundazioak eta EITBk 11 kontzertu antolatu dituzte 'Kulturunea' izeneko saioan

Gasteizen aurkeztu zuten atzo Kulturunea saioko kontzertu sorta. Ilaski Serrano izango da aurkezlea. EITB.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Nahiz eta itxialdia arintzeko etapak aurrera doazen pixkanaka, musika kontzertuak aurrez aurre ikusteko modurik ez dago oraindik, eta Internet bidez eta telebistaz ikusteko zuzenekoak zabaldu dira azkeneko asteetan. Eskaintza horien artean, Gasteizko Vital fundazioak eta EITBk elkarlanean martxan jarri duten Kulturunea saioa dago. Euskal Herriko 11 musika talderen kontzertuak antolatu dituzte, eta horietako aurrenekoa gaur ikusi ahalko da, EITBren zein Vital fundazioaren webguneetan: Belako taldeak joko du, 21:00etatik aurrera. EITBren Kultura zuzenean atarian sartu beharko da ikusi ahal izateko. Cris Lizarraga, Josu Ximun Billelabeitia, Lore Nekane Billelabeitia eta Lander Zalakain dira Belako taldeko kideak. Plastic Drama dute azkeneko diskoa.

Kontzertu guztiak Internet bidez emango dituzte, eta uda honetan ETB1 kateak ere emango ditu, Oholtzan saioan. Ilaski Serranok —aste honetan Berben lapikoa elkarrizketa saioa gidatzen hasi da— aurkeztu ohi du Oholtzan larunbat gauetan, eta Kulturunea-ko kontzertuak ere hark aurkeztuko ditu.

Asteburuan Kulturunea-ko beste bi kontzertu iritsiko dira: bihar, Mikel Erentxun (21:00), eta igandean, Liher (20:00).

Datozen asteei begira, berriz, honako talde eta musikari hauen kontzertuak antolatu dituzte: Gari, Modus Operandi, Eñaut Elorrieta, The Soulbraker Company, Iñaki Palacios eta bere Banda, Moonshine Wagon, Xabi Solano eta Mikel Urdangarin. Hortaz, ETB1ek emango dituen kontzertu gehienak euskaraz izango dira, baina ez guztiak.

Hamaika, Naiz, Goierri TB...

Egunotan beste zenbait kontzertu ere ikusi ahalko dira telebistan zein Internet bidez. Hamaikak apirilaren 24an ekin zion Doka t'artea zuzeneko kultur emankizunei, Donostiako kafe antzokiarekin elkarlanean; gaur, adibidez, Xabi Bandiniren kontzertua emango dute, 19:00etan, Hamaikaren telebistako seinalearen eta Youtuberen bidez. Datorren asteko ostiralean, Kaleko Urdangak taldearen txanda helduko da.

Gara egunkariaren Naiz atariak, bestetik, zenbait kontzertu antolatu ditu ekainerako —ordainpeko plataforma baten bidez izango dira ikusgai—. Aurrenekoa Gatibu taldearena izanen da, ekainaren 5ean; ondotik etorriko dira Nogen, Zetak, Huntza eta ETS taldeen kontzertuak.

Goierri Telebistak (Gipuzkoa) ere zuzeneko kontzertu bat emango du gaur. Beasaingo Udalaren (Gipuzkoa) eskutik, Olatz Salvador bakarlariaren musikaz gozatu ahalko da, 21:00etatik aurrera.

Azkeneko asteetan makina bat kontzertu egin dira streaming bidez, udalek edo bestelako erakundeek antolatuta. Iritsiko dira gehiago.

Ekainaren 6an, EHn Sortua: Streaming edition jaialdia egingo dute. Arkada Social, Roten XIII, Brigade Loco eta The Guilty Brigade taldeek joko dute. Hamaikak zuzenean emango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.