Bide luzea dute egiteko

Pantailak Euskaraz jaio zenetik urte bat bete da asteon, eta elkarte gisa formalizatuko da laster

Ibon Iza, Alex Aginagalde, Izaskun Rekalde eta Iñigo Arandia Pantailak Euskaraz-eko kideak, Durangon. M. R. / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Duela gutxira arte, bazeuden herritarrak eta taldeak euskarak pantailetan daukan egoerarekin kezkatuta. Baina kezka horrek forma hartu du: Pantailak Euskaraz mugimendua sortu zenetik urte bat bete da aste honetan. Hemendik gutxira, bestalde, mugimendua elkarte gisa formalizatuko da juridikoki. «Lanean jarraituko dugu, euskalgintzako mugimendu berriekin sinergiak sortuz», adierazi du Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileak. Aste honetan, Telegrameko kanala ere estreinatu dute.

Mugimendua talde hauek osatzen dute gaur egun: Disney Plus Euskaraz, Netflix Euskaraz, Game Erauntsia, Zinemak Euskaraz, Tinko euskara elkartea eta Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea. Abenduan Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestua plazaratu zuten, Durangon (Bizkaia), eta 40 eragileren babesa jaso zuten.

Kezka gizarteratzea lortu dutela nabarmendu du Aginagaldek: «Eztabaida sozialen eta politikoen agendan jarri dugu gaia». Hainbat erakunde eta eragile «mugitzen» hasi dira gero. Eta haietako batzuekin harremanetan daude Pantailak Euskaraz-ekoak. Bilerak egin dituzte Eusko Jaurlaritzarekin eta EITBko zuzendaritzarekin. «Streaming plataformei gutunak idatzi genizkien, eta batzuek idatziz erantzun digute». Horiek horrela, agerikoa den zerbait lortu du mugimenduak: «Gure tokia hartu dugu hizketakide ofizial moduan». Manifestuko puntu gehienak betetzeko daude, ordea. «Bide luzea dago egiteko».

Hemengo legeei ere adi

Pantailak Euskaraz-ek, halaber, euskalgintzako beste eragile batzuekin egin du lan azkeneko hilabeteetan Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrari dagokionez. «Legea onartu dute Madrilen, eta ez da guk nahi genuena. Ez ditu bermatuko euskaldunon eskubideak», azaldu du Aginagaldek.

Baina mugimenduaren bozeramaileak uste du Euskal Herrian «gauza asko» egin daitezkeela legeen ikuspegitik. Kataluniako zinemaren legea jarri du adibidetzat; hasieran, zinemako estreinaldien %50ek katalanez izan behar zutela jaso zuen legeak, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak %25era jaitsi zuen ehunekoa. «Kontua da Euskal Herrian zinema emanaldien %1 baino ez direla euskaraz. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan zinema legeak egin zitezkeen».

Pantailak Euskaraz mugimendua kalera ere atera da. Euskara Aurrera egitasmoaren manifestazioan pankarta propioarekin izan ziren, maiatzaren 21ean. «Gazteak batzen ari dira aldarrikapenera: belaunaldi berriek ikusten dute hutsunea. Pantailei eta sare sozialei erabat lotuta bizi dira, eta ikusten dute zein krudela den errealitatea euskararentzat».

Bestalde, Aginagaldek esan du lanean arituko direla EITBren Primeran plataforma berrian —urtarrilean iritsiko da— eduki guztiak euskaraz ikusteko aukera bermatu dadin.

Primeran iritsi aurretik, Pantailak Euskaraz-ek bere kanta propioa aterako du. Gaur hasiko dituzte grabaketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.