Elkarteei dei egin die Kanaldudek, 'Zuzenean Zure Esku' saioa egiteko

Herritarrek antolaturiko ekitaldietan zuzenekoak gauzatzen ditu telebistak, Euskal Herri osoan

ZZE saioko taldekideak, ekitaldi batean estudioa antolatzen zuzenekoa egiteko. KANALDUDE.
Edu Lartzanguren.
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Herriko telebistetako saiorik parte hartzaileena da, ziurrenera, Kanalduderen ZZE Zuzenean Zure Esku. Elkarteekin batera egiten dute tartea. «Guk teknika eta profesionalitatea jartzen dugu, eta herritarrek gaia, ikuspegia eta edukia», esan du Iban Rusiñol errealizadoreak. Bigarren denboraldia hasiko dute laster, eta dei egin diete Euskal Herri osoko elkarteei proposamenak egiteko, eta Kanalduderen kanala erabiltzeko euren dinamikak, ekitaldi alternatiboak edo gizarte eztabaidak zabaltzeko.

ZZE saioak zuzeneko emankizun parte-hartzaile itinerante gisa definitzen du bere burua. Lehenengo denboraldian esperotako erantzuna jaso zuten Kanaldudekoek. «Hasierak beti beldurra ematen du, baina, azkenean, 21 egitasmotik hemeretzi emankizun egitea lortu genuen». Astero leku batetik egiten dute saioa. Gaia, erreportajeak eta gidoia herritarrek egiten dituzte, eta haiek erabiltzen dituzte kamerak zuzenekoaren egunean. Aurkezleak ere herritarrak dira, Kanaldudeko lantaldeak lagunduta, betiere.

Are zuzenekoagoa

Bigarren denboraldirako erronka bat du ZZE-ren taldeak: zuzenekotasuna indartzea. «Beti zuzenean egin ditugu saioak, baina konturatu gara batzuk berdin egin zitezkeela grabaturik, eta zuzenekoak izatea ez ziela ekarpen handirik egiten», azaldu du Rusiñolek. Hori saihesteko, bigarren denboraldi honetan gehiago integratuko dute saioa egiten den ekitaldi publikoarekin. «Plaza batean bagaude, mikroa zabalik izango du beti jendeak. Benetan zuzeneko bat egin nahi dugu, espontaneoagoa eta freskoagoa».

Horrez gain, «mugikorragoak» izan nahi dute, eta datarekin malguago jokatu «herritarren ekitaldira moldatzeko». Iaz, ostegunetan egin zuten saioa, gehienbat; baina, aurten, ostiralera pasako dute hitzordua, 20:00etatik 21:30 arte. Horrek jai giroan eta ekitaldi baten barruan sartzea erraztuko dielakoan. Edonola ere, bidea zabalik utziko dute eguna aldatzeko aukera, ostegunetik igandera arte, norbaitek hala behar badu.

Sasoiko lehenengoa urriaren 7an egingo dute, Lekeitioko zinematik (Bizkaia): Euskal Zine Bilera. Urriaren 19an, Ailaket elkarteak drogaren legezkotzearen inguruan antolaturiko ekitaldi batean izango dira, Gasteizen.

Ekitaldia proposatzeko, www.kanaldude.eus/zze gunea bisita dezakete elkarteek. Handik gida bat jaitsi dezakete, saioa egiteko zein mekanika jarraitu behar den eta bestelako jakingarriak eskuratzeko. «Halere, guk nahiago izaten dugu emaitza jendeak saioa aurretik gehiegi lantzen ez duenean, eta gaian adituak eroso eta espontaneo dabiltzanean».

Sare sozialez ere baliatuko dira zuzenean, gonbidatuei galderak helarazteko, besteak beste. #ZZE traola erabiliko dute Twiterren. Saioaren eremua Euskal Herri osora zabalik dago, edo «euskal hiztunen esfera osora».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.