Gaur amaituko da 'Go!azen 5.0'

ETB1eko saioak %3,9ko ikusle kuota izan du denboraldi honetan, iaz baino ia bi puntu gutxiago

Ezusteko ezkontza bat izango da gaur Go!azen-en denboraldiko azkeneko atalean. ETB.
urtzi urkizu
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Hamahiru astez Basakabiko gorabeherekin milaka familiaren arreta piztu ostean, gaur bukatuko da Go!azen telesailaren denboraldia. ETB1ek, ohiko moduan, 21:00etan emango du. Aurreko denboraldian baino ikusle datu txikiagoa izan du euskarazko fikzio bakarrak: %3,9ko batez besteko ikusle kuota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —euskaldunen artean, %12koa—. Aurreko urteko atal sortak %5,8ko kuota bereganatu zuen —euskaldunen artean, %15,6koa—. Gaurko atalaren datuak falta badira ere, ondoriozta daiteke duela bi urteko datuen pare dagoela: orduko hartan, %4,1ko batezbestekoa izan zuen. Edonola ere, neska-mutikoen artean liderra da oraindik ere telesaila: 4-12 urte artekoen artean, %28,1eko kuota izan du denboraldi honetan, eta 4-18 urte artekoen artean, %24,2koa. Ziurtatu dute datorren urteko neguan Go!azen 6.0 iritsiko dela ETB1era.

Denboraldiko azkeneko atalari dagokionez, azkeneko planak egingo dituzte gazteek zein helduek. Eliri eta Zuriri ideia bat bururatuko zaie: euren gurasoei ezusteko ezkontza bat antolatzea. Aurreko asteetako ideia guztiak ez zaizkie ondoegi irten bi gazteei. Beraz, ikusi beharko da ezkontza antolatzeko gai izango diren, eta ezkongaiek baietza emango duten.

Apaiza beharko dute ezkontzarako. Baina Zuzenek beste ezusteko bat izango du, eta baliteke bere onenean ez egotea meza emateko. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako ikuskatzaile bat agertuko da Basakabin.

Bestalde, Naia oso pozik ibiliko da. Alex Amsterdamera joan da, eta, uda osoan ez bezala, argi ditu sentimenduak: Julen maite du, eta harekin harreman bat hasi nahi du. Baina zer erantzungo dio Julenek?

Markel aberastasunez josita agertuko da, Ameriketara joan nintzen abestia kantatzen. San Bernardoren kodexa saldu duelako izango al da hori?

Denboraldiko azkeneko atalaren aurrestreinaldia Hendaian (Lapurdi) egin zuten, atzo, dozenaka neska-mutikoren aurrean. Seaskaren urteurreneko ekitaldien barne egin zuten proiekzioa.

'Puntu Koma', maiatzean

Datorren ikasturteari begira, Go!azen-ek aldaketa ugari egingo ditu. Litekeena da udalekuko eszenak ez grabatzea Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklaben komentuan. Gainera, hainbat aktore protagonistak ez dute jarraituko. Aktore berriak aukeratzeko hautaprobak egin dituzte azkeneko asteetan. Horrez gain, bi aste barru Bago!az lehiaketa itzuliko da ETB1era. Aurreko bi urteetan bezala, talentu saioko irabazlea aktore lanetan ariko da Go!azen-en denboraldi berrian.

Bestalde, euskarazko fikziozko beste ekoizpen bat iritsiko da maiatzean ETBra: Puntu Koma. Lehenbizi, Internet bidez estreinatuko dute, websail bat delako—Next Station egitasmoko irabazlea izan zen—, baina, gero, telebistan ere emango dute. Aktoreen artean Iñake Irastorza, Iñaki Beraetxe eta Sara Cozar daude. Zuzendaria Maru Solores da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.