Eztabaiden jokoa martxan da

ETB1 eta La1 kateetan Espainiako Gorteetarako bozen eztabaidak emango dituzte gaur

Saioa Martijak aurkeztuko du gaur gauean hauteskundeetako eztabaida ETB1en. ETB.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Hilaren 28an egingo dituzte Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta datozen egunetan telebista eta irrati kateek hainbat eztabaida eta elkarrizketa emango dituzte. Gaur gauean, ETB1en eta TVEn hauteskunde eztabaidak izango dira ikusgai.

Euskarazko katean, 22:30ean, honako hautagai hauek arituko dira eztabaidan: Joseba Agirretxea (EAJ), Mertxe Aizpurua (EH Bildu), Roberto Uriarte (Elkarrekin Ahal Dugu), Maria Luisa Garcia Gurrutxaga (PSE) eta Laura Garrido (PP). Moderatzailea Saioa Martija kazetaria izango da —astearte gauetan Ahoz aho+ saioa aurkezten du—.

La1 eta Canal24 Horas kateetan 22:05ean hasiko da eztabaida. Aurkezlea Xabier Fortes izango da, eta hautagaiak, hauek: Maria Jesus Montero (PSOE), Ines Arrimadas (Ciudadanos), Irene Montero (Unidas Podemos), Cayetana Alvarez de Toledo (PP), Gabriel Rufian (ERC) eta Aitor Esteban (EAJ). Esteban bera gaur ETB1en elkarrizketatuko dute 14:45ean, eta ETB2n 11:30ean. PSOEren hautagai Pedro Sanchezek iragarri du ez duela parte hartukoRTVEko eztabaidetan. Voxek ezingo du TVEko eztabaidetara joan, Espainiako Kongresuan aurreko bozetan ez zuelako ordezkaritzarik lortu.

Voxeko hautagai Santiago Abascalek, ordea, Atresmedia taldeak antolatu duen eztabaidan parte hartzeko aukera izango du, hilaren 23an. Abascalekin batera, eztabaida horretan Pedro Sanchez (PSOE), Pablo Casado (PP), Pablo Iglesias (Unidas Podemos) eta Albert Rivera (Ciudadanos) hautagaiak arituko dira. Zutik eztabaidatuko dute, bakoitza atril baten aurrean, eta moderatzaileak Vicente Valles eta Ana Pastor kazetariak izango dira. Antena3en eta La Sextan emango dute aldi berean.

JxCat taldeak hauteskunde batzordeari eskatu dio Atresmediako eztabaidaren emisioa geldiarazteko, «ez dituelako pluralismo eta berdintasun oinarriak errespetatzen» eta «ezin delako eztabaida hori egin ez badira gonbidatzen aurretik ordezkaritza lortu zuten alderdiak». Eztabaida emango balute, gonbidatu gabeko alderdiak Atresmedian beste espazio batekin konpentsatu beharko liratekeela uste du Carles Puigdemonten alderdiak.

Euskadi Irratian, 26an

EITBk, era berean, datorren astean egingo ditu hauteskunde kanpainako beste lau eztabaidak: Radio Vitoriakoa hilaren 23an izango da, 12:00etan (Maritxu Diezek aurkeztuko du); Radio Euskadikoa hilaren 24an, 09:00etan (Dani Alvarez izango da aurkezlea); ETB2koa hilaren 25ean, 22:30ean (Xabier Garcia Ramsdenek aurkeztuko du); eta Euskadi Irratikoa hilaren 26an, 09:00etan (Maite Artolak gidatuta).

Eztabaida horietan ez dute parte hartuko Ciudadanoseko eta Voxeko hautagiek. ETB2ko eztabaidan honako hautagai hauek hartuko dute parte: Pilar Garrido (Elkarrekin Ahal Dugu), Aitor Esteban (EAJ), Oskar Matute (EH Bildu), Patxi Lopez (PSE) eta Javier Maroto ( PP).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.