'3txulo' gaur amaituko da

ETB3ko saioak hiru urte eta erdiko bidea egin du. Feedback «izugarria» jaso dutela esan dute

2ttor (Iker Galartza), Xbel (Zuriñe Hidalgo) eta 4ra (Amancay Gaztañaga) izan dira 3txulo-ko protagonistak. EITB.
urtzi urkizu
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
2016ko otsailean hasi zen, ETB3n, haurrei zuzendutako 3txulo programa, Xegun Altolagirre gidoilariaren ideia batetik abiatuta. Hiru urte eta erdiren ostean, gaur bukatuko da saioa. Udazkenean ez du jarraipenik izango. 0-12 urte arteko neska-mutikoei zuzendutako programa fikzionatua izan da 3txulo, hiru pertsonaia nagusiren inguruan osatua: 4ra (Amancay Gaztañaga), 2ttor (Iker Galartza) eta Xabel (Zuriñe Hidalgo). Saioa hasi baino lehen, Itziar Azpeitia ETBko entretenimendu saioen arloburuak adierazi zuen haurrek «garrantzi handia» dutela Euskal Telebistarentzat.

Altolagirrek —programako azken zuzendaria izan da— nabarmendu du «ezinbestekoa» dela ETBk euskarazko haur programazio propioa egitea, «gaurko ikusleak biharkoak izango baitira». Galdera bat egin du: «Gure kultura, izaera eta hizkuntza guk zabaltzen eta zaintzen ez baditugu, nork egingo du? Ez zaio behar duen garrantzia ematen. ETB3 ezin da kate baztertu bat izan; erreferente izan beharko luke».

3txulo saioa bukatu izanak tristetu egin du lantaldea. «Egia da hainbatetan jarri gaituztela amildegian, baina, honengatik edo hargatik, jarraitu egin dugu. Aspaldi zebilen zurrumurrua saioa kenduko zutela, baina, lana ondo egiten denean, helburuak betetzen direnean, eta egindakoaz harro zaudenean, kolpea beti da kolpe, espero baduzu ere», esan du Altolagirrek.

Programaren bideaz balantze «ona» egin du gidoilari eta zuzendariak. «Lantaldea primerakoa izan da: editoreetatik hasi, eta antzezle guztietaraino. Miramongo langileek ere asko lagundu dute, eta guztiek bilakatu dute saioa arrakastatsu». Izan ere, Altolagirrek nabarmendu du «oso ikusle datu onak» izan dituela saioak: «Bere ordutegian, gertuko beste kateen gainetik ibili izan da».

Neska-mutikoek feedback «izugarria» eman diete. «Zer esanik ez gure abentura hau amaitzera zihoala jakin dutenetik».

Azkenaldian, Nafarroako neska-mutikoen eta familien mezuak jaso dituzte. «Deskubritu dugu ETB3 gabe egoteak amorru handia eragiten ziela».

Hiru urteotan ideia bati jarraitu diote Baleuko ekoizpen etxeko saioarekin, Altolagirreren aburuz: «Hasieratik izan dugu argi dibertitzea zela transmititzeko bidea. Bide horretan, berdintasuna, euskalduntasuna eta adiskidetasuna eta elkartasuna zabaltzen saiatu gara».

Irailetik aurrera, ETB3k Ene Kantak taldearen saio bat emango du egunero. Talde horrek berak sortutako ekoiztetxeak egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.