Buzz Bissinger, barrutik

HBOk bihar estreinatuko du Hego Euskal Herrian Buzz Bissinger kazetari eta idazleari buruzko dokumentala: 'Buzz'. Bertan, Bissinger bere ni-a aurkitzen ahalegintzen da.

ainara arratibel gascon
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Pulitzer saria irabazitako Buzz Bissinger kazetari eta idazlea (New York, 1954) hobeto ezagutzeko aukera izango izango da hemendik aurrera. HBOk bihar estreinatuko du haren inguruko dokumentala Hego Euskal Herrian : Buzz. Haren txikitako lagun batek, Andrew Sheak, zuzendu du lana, eta idazlearen urtebeteko bizitza kontatzen da bertan; 90 minutu irauten du lanak.

Urte horretan, bada Bissingerren egunerokoa markatuko duen gertaera bat: Caitlyn Jennerrek (New York, 1949) bere memoria liburuarekin laguntzeko eskatu zion. Jenner atletismoan eta automobilismoan nabarmendu zen. Besteak beste, 1976ko Montrealeko Olinpiar Jokoetan hartu zuen parte. Bertan, urrezko domina irabazi zuen dekatloi proban. Loria behatzekin ukitu zuen. Gero, telebista aurkezle aritu zen; artean William Bruce Jenner zen.

2015ean jakinarazi zuen urteak zeramatzala sexuz aldatzeko prozesuan, eta, bizi osoan emakume zela sentitu ostean, iritsi zela garaia behingoz aldaketa hori egin eta ikusarazteko. Ordutik aurrera Caitlyn izango zen. Liburuak oihartzun handia izan zuenAEBetan. Bertan sexuz aldatzeko prozesu horretan izan zituen beldurrak eta zalantzak kontatzen ditu. Buzzek lagundu egin zion liburua idazten eta editatzen; ehunka bilera egin zituzten.

Horrek aldaketa bat dakar Bissingerren bizitza pertsonalean. Izan ere, Jenerrekin lanean ari zela ,trabestismoa hobeto ezagutzeko aukera izan zuen, eta horrek, bikote harremanetik harago, bere identitatea bera ere zalantzan jarraraziko dio Bissingerri.

Hala, bere benetako ni-a aurkitzen ahaleginduko da, eta horrek eragina izango du bere harreman pertsonaletan. Hori guztia ikusten da dokumentalean, eta balio du kazetaria hobeto ezagutzeko.

Ikertzaile kritikoa

Izan ere, 1987an Pulitzer saria irabazi zuenetik, ikusmin handia sortu du haren figurak. Saria jaso zuenean The PhiladelphiaInquirer egunkarian idazten zuen. Philadelphiako Gortean izandako iruzur eta ustelkeria kasuen inguruan egindako ikerketa lan batengatik jaso zuen saria, hain zuzen ere.

Horrekin batera, Friday Night Lights liburuari esker lortu zuen ospea. Pulitzer saria eskuratu eta urtebetera idatzi zuen, 1988an. Bissingerrek urtebete eman zuen Texasen, Odessa herrian, hain zuzen, bertako ikastetxe bateko amerikar futboleko taldearekin egunerokoa partekatzen: Odessa Permian taldearekin, hain zuzen ere.

Bizi kalitate mailarik okerrenetakoa zuten herrietako bat zen Odessa, eta liburuan kontatu eta islatu nahi zuen zer eragin zeukan kirolak, amerikar futbolak, halako herri batean bizi ziren nerabeentzat, baina alde batera utzi gabe Bissingerren lanak muinean duten kritika soziala. Hala, liburuan kritika zorrotza egin zion AEBetako orduko hezkuntza sistemari, politika ekonomikoari eta arrazakeriari. Odessa horren lekuko zen.

Ikerketa kazetaritzan jardun du batez ere Bissingerrek, eta kexu izan da AEBetan egiten den lanarekin. «Editoreek zuhurtzia handiegiarekin jokatzen dute maiz, eta, hori dela-eta, egungo hedabideen munduan egunkariak indarra galtzen ari dira», adierazi zuen duela gutxi.

Bere hastapenak ekarri zituen gogora. «Ni hasi nintzenean, editoreek ikerketa lan sakonak nahi zituzten. 35.000 hitzeko artikuluak idaztera ailegatu nintzen ni. Kazetarioi denbora ematen ziguten horretarako. Gaur egun, berriz, azkartasunari ematen zaio garrantzia, eta albisteek oso gutxi irauten dute denboran».

Dena den, baikortasun mezu bat ere eman zuen. «Oraindik ere egiten dira lan onak». Irakurleengan jarri zuen arreta. «Haiek ere halako lanak eskatu behar dituzte, kalitatezkoak. Ardura sozial bat eskatu behar diete egunkariei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.