Bergarako Txapa eta Errenteriako Zintzilik irratiek 35 urte bete dituzte

Arrosa sareko 'Zebrabidea' saioa Zintzilik-en egingo dute gaur; eta hilaren 22an, Txapa irratian

Errenteriako Zintzilik irratiko kideek programazio berria aurkeztuko dute bihar gauean. JUXE.
urtzi urkizu
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Euskal Herriko hainbat irrati libre 35 urte betetzen ari dira azkenaldian; iaz, Iruñeko Eguzkik eta Gasteizko Hala Bedi-k bete zituzten urteak. Errenteriako (Gipuzkoa) Zintzilik eta Bergarako (Gipuzkoa) Txapa irrati libreek udazken honetan beteko dituzte 35 urteak, eta askotariko ekitaldiak ari dira antolatzen. Kontzertuekin batera, programazio berria ere aurkeztuko dute bi irratiek asteburuan. Gainera, Arrosa sareak urteurrenekin bat egingo du: Zebrabidea euskarazko magazina Zintzilik irratiko egoitzan egingo dute gaur (16:00); eta hilaren 22an, berriz, Bergarako kartzela zaharrean, Txapa irratiaren urteurrena ospatzeko.

Zintzilik-ek Errenteriako Niessengo entsegu gelan —bigarren solairuan— aurkeztuko du bihar 35. denboraldiko programazioa. Familia argazkia egingo dute, zizka-mizka artean, 20:00etatik aurrera. Gero, 21:30ean, Selektah Stepiren DJ saioa izango da; 22:15etik aurrera,Nizuri Tazuneri eta Bad Sound taldeek joko dute.

Zintzilik irratian bertan, gainera, bilkura berezia egingo dute bihar goizean: Euskal Herriko Irrati Libreen Galiza I. Topaketa. Bertan, Galiziarekin lotura duten hainbat irratsaiotako lagunak elkartuko dira: Zintzilik-eko Likor Cafe, Hala Bedi-ko Tropa de Breoghan eta Habelas hainas, eta Bilbo Hiria irratiko Ireki gaiola saioko kideek hartuko dute parte. Gonbidatu berezi bat izango dute: Londresen ekoizten den Té con botas izeneko podcasta.

Txapa-n, igande eguerdian

Txapa irratiak, berriz, urteurrenaren barneko bi ekitaldi berezi ditu asteburuan: bihar, 10:30ean, soinu sintetizadore ikastaroa egingo dute. Eta etzi, 12:00etan, programazio berria aurkeztuko dute. Gero, Aitor Escobarrek Iturri berria flamenko ikuskizuna eskainiko du, eta jatekoak ere izango dituzte. Ekitaldi horiek guztiak Bergarako kartzela zaharrean egingo dituzte.

Bai Zintzilik irratian bai Txapa irratian askotariko saioak ekoizten dituzte, eta, programazioa osatzeko, Arrosa sareko zenbait irratsaio emititzen dituzte.

Zintzilik-en barne ekoizpeneko euskarazko irratsaioen artean, Matxura buruan umorezko saioa —ostegunetan, 22:00etan— eta Topa in Topo musika saioa daude. Euskaraz eta gaztelaniaz egiten dute, bestetik, Txarletas kontrainformazioko programa —hamabostean behin, astelehenetan, 13:00etan—. Halaber, New Jerseyko (AEB) WFMU irrati librearen musika saio bat emititzen du astearte goizaldetan —creative commons-eko musika artxiborik handia du irrati horrek—. Baita New Yorken ekoitzitako Info Democrazy Now podcasta ere.

Txapa irratiko saio propioen artean, denboraldi honetan Ziegarik gabeko herensugea, Ametsetako lurra, Norabide barik, Nola aldatzen diren gauzak, Sasi guztien azpitik, Sagar erriak eta Hauts of Beats daude. Larunbatero, 23:15ean, Bergaran egindako kontzertuak ematen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.