Euskarazko 400 abesti egunean, EITB Euskal Kantak irrati berrian

Irratia EITBren webgunean entzun daiteke jada. Estilo guztietako euskal kantak jarriko dituzte

Urko Aristi eta Iñigo Zeberio, atzo, Durangon, EITB Euskal Kantak irratiaren aurkezpenean. EITB.
urtzi urkizu
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Eguneko 24 orduetan euskarazko kantak jarriko dituen irrati digital bat sortu du EITB taldeak: EITB Euskal Kantak. Taldearen webgunean entzun daiteke jada, eta bertan batez beste egunean 400 euskal abesti entzun ahalko dira—FMan ez du sintoniarik izango—. Askotariko estiloak tartekatuko dituzte irrati berrian: musika tradizionaleko kantak, bertsioak, rocka, bluesa, reaggae, ska, triki-pop, jazza eta abar. Baina eskaintza orekatua egingo dute: hau da, kanta berriak eta aspaldikoak, arrakastatsuak eta ezezagunak tartekatuko dituzte emisio ordu bakoitzean.

Urko Aristi EITBko irratietako zuzendariak nabarmendu du gogoeta sakon bat egin ondotik iritsi dela irrati digital horren sorrera: «Zerbitzu publikoa garen heinean, ardura bat daukagu, eta euskal kulturaren erakusleiho izan behar dugu. Zorionez, euskal sorkuntza oso oparoa da. EITBko irratietan txukun gabiltza kulturaren berri ematen eta horrekin jarraitu behar dugu». Era berean, EITBk fonoteka oso handia dauka: euskarazko 30.000 kantu inguru dituzte jasoak. «Hori jendearekin partekatu beharra geneukan. Erakusleiho bat sortu dugu, non kantak diren protagonista. Izan ere, irrati jeneralistetan askotan musika osagarri gisa erabiltzen da».

EITBren webgunearen barne, EITB Euskal Kantak irratiak bere espazioa du. Minutu bakoitzean zer abesti entzungo den ikus dezake hartzaileak. Irrati esataririk ez da egongo, baina Aristik azaldu du tarteka-tarteka musikariak berak aurreratuko duela zein den datorren abestia.

Odile Kruzetaren ideia

Irratiaren lehen pausoan kanten zerrenda bat plazaratu dute, baina laster hobekuntzak egingo dituztela iragarri du EITBko irratien arduradunak: «Helburu bat da zerrenda osatuz joatea; nahiko genuke kanta bakoitzak, abeslariaren izena jartzeaz gain, informazio osagarria izatea. Adibidez, Ruper Ordorikaren kanta bat badago, disko horren inguruan musikariarekin EITBko irratietan egin diren elkarrizketen estekak jartzea». Aristik azaldu du euskal musikaren «entziklopedia moduko bat» osatu nahiko luketeela.

EITB Euskal Kantak irrati berriaren sorrerako ideia Odile Kruzetarena izan zen —duela gutxi hartu du erretiroa—; Aristik hartu du haren postua, eta Aristik betetzen zuen EITBko irratietako zuzendariordearena Iratxe Etxebarriak betetzen du orain. «Kruzetak jarri zuen irrati berriaren hazia», azaldu du Aristik.

EITBk esan du irratia ez dela playlist arrunt eta hutsa izango. Izan ere, Bixente Martinez musikariak estilo desberdinen sintoniak edo jingle-ak sortu ditu, Axuri beltza kantuan oinarrituta. Maddalen Arzallus bertsolariak, berriz, leloak idatzi ditu, eta haren ahotsean entzungo dira.

Irratiari Basque Music izen ondokoa gaineratu diote, Euskal Herritik kanpo bizi direnak euskal musikara gertura daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.