Pujoli TV3en egindako elkarrizketa batek hautsak harrotu ditu

'30 minuts' saioko erreportaje batean azaldu da presidente ohia, eta ez diote ustelkeriaz galdetu
Jordi Pujol Generalitateko presidente ohia TV3eko <em>30 minuts</em> saioan azaldu zen igandean.
Jordi Pujol Generalitateko presidente ohia TV3eko 30 minuts saioan azaldu zen igandean. BERRIA

Urtzi Urkizu -

2020ko urtarrilak 14
Kataluniako Generalitateko presidente ohi Jordi Pujol TV3eko 30 minuts saioko erreportaje batean azaldu zen igande gauean. Labur mintzatu zen, nazioarteko kooperaziorako laguntzen eta aurrekontuen inguruan, saioko gaia kooperazioarentzat aurrekontuen %0,7 eskatzen zuen kanpaldi bat baitzen —erreportajean garrantzi handiagoa dute kanpaldi hartan parte hartu zutenek—. Baina Pujol telebistan hizketan azaltzen 2014ko udatik ez zen, eta TV3ek ustelkeria auzien eta %3ko komisioen inguruan galdetu ez izana kritikatu dute zenbait politikarik —tartean PSCko eta ERCko diputatuek— eta kazetarik. Horrek aitzakia eman die zenbait hedabide unionistari berriz ere TV3en aurka aritzeko.

TV3eko langile batzordeak, albistegietako kontseilu profesionalak eta CCMAko saioetako kontseilu profesionalak bilera bat eskatu zuten TVCko zuzendaritzarekin Pujolen elkarrizketaz eta Quim Torra egungo presidenteak Preguntes freqüents saioan izan zuen parte hartzeaz —elkarrizketa bukatu zenean, publikoan zeudenak zutik txaloka hasi ziren—.

Atzo egin zuten bilera hori, eta, ostean, langile batzordeak eta bi kontseilu profesionalek agiri bateratu bat sinatu zuten. 30 minuts saioari dagokionez, langileen ordezkariek uste dute «isiltasun mediatiko luze bat haustea» esaldia zabaldu izanak nahasketa ekarri duela. «Zuzendaritza ados agertu da horrekin, eta konpromisoa hartu dute programazioaren promozio protokoloak hobetzeko». 30 minuts saioaren emaitza ikusita, bi kontseiluek eta langile batzordeak zuzendaritzari adierazi diote Generalitateko presidente ohiaren parte hartzea ez zela beharrezkoa. «Baina ez dugu uste haren figura zuritzen denik». Edonola ere, langileen ordezkariek zuzendaritzari adierazi diote telebista publikoak informazioa eman behar duela Pujolen eta haren inguruan dauden ikerketen gaineran. «Haren egoerak ez du baliogabetzen beste informazio edo saio batzuetan azaltzeko, betiere haren ekarpena abesgarria baldin bada».

JxCko diputatuak platoan

Langileak ordezkatzen dituzten batzordeek beste saio batekin azaldu dute kezka: urtarrilaren 4an, Quim Torra Generalitateko presidentea gonbidatu zuten TV3eko Preguntes freqüents saiora. JxCko hainbat diputatu joan ziren estudiora, Torra babestera. Langileen ordezkariek gogoratu dutenez, diputatu horiek Torra agurtzera eta besarkatzera joan ziren platora, iragarkien tartean; TV3ek pantaila «beltzean» jarri behar izan zuen haiek platotik atera eta zuzeneko emankizunekin hasi arte. «Zuzendaritzari eskatu diogu bisitari politikoei gogorarazi behar zaiela ezin dela telebista publikoa erabili alderdiaren ekintzetarako», azaldu dute langileek. Gaineratu dutenez, talde politiko berak sare sozialetan zabaldu zituen argazkiek —kamerinokoak eta platokoak— programaren irudia konprometitu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna