'Astekaria' buletina argitaratuko du BERRIAk astelehenetik aurrera

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletin berri bat jarriko du abian BERRIAk. Izen bereko aplikazioa ordezkatuko du, kontuan hartuz joera dela aplikazio kopuru mugatua erabiltzea

BERRIA.
Erredakzioa
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Aste bakoitzeko artikulu hautatu batzuekin, buletin bat eskainiko die BERRIAk irakurleei datorren astelehenetik aurrera: Astekaria. Buletin berriak lau eduki mota izango ditu: batetik, asteko erreportaje sakonak bilduko dira, aktualitatearen gakoak lantzen dituztenak; beste batetik, elkarrizketak eta lekukotasunak; hirugarrenik, iritzi artikuluak eta analisiak; azkenik, bestelako erreportajeak eta kronikak. Azken batean, iraungitzen ez den artikulu bilduma bat osatuko da, asteburua eta aurreko astea errepasatzeko balia daitekeena, eta, nola ez, irakurgai interesgarriak deskubritzeko ere bai.

Buletina norberaren posta elektronikoan astelehenero jasotzeko, harpidetu besterik ez da egin behar: formularioan helbide elektronikoa idatzi, eta bidali. Astekarira harpidetzeko formularioa albiste buletinen atalean dago, gainerako buletinekin batera. BERRIAren webgunea eta sare sozialak kudeatzen dituzten kazetariek egingo dute aukeraketa.

Bost buletin

Astekaria buletin berria kontuan hartuz, bost buletin eskaintzen ditu BERRIAk. Goizero —astelehenetan izan ezik—, BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen dituen buletin bat bidaltzen da. Arratsaldero, berriz, webgunean gehien irakurritako artikuluen bilduma bidaltzen da. Astelehenetik ostiralera, koronabirusaren krisiaren berri ematen duen buletin bat bidaltzen da arratsaldean. Azkenik, ostiralero, euskal musikaren azken kantu, azken bideo, azken podcast, azken zerrenda eta azken berriekin osatutako buletin bat bidaltzen da. Buletin bakoitza independentea da, eta norberak aukeratzen du zein jaso.

Astekaria buletinak izen bereko aplikazioa ordezkatuko du. Astekaria aplikazioa 2015eko urrian kaleratu zuen egunkariak, sakelako telefonoen kontsumora bideratuta. Kontzeptua oso antzekoa zen: asteko artikulu hautatuen bilduma eskaintzea. Baina aplikazioen mundua korapilatsua da, eta erabiltzaileen joera nagusia aplikazio kopuru mugatua erabiltzea da. Aplikazioa bertan behera uztea erabaki du BERRIAk, ahalegina beste proiektu batzuetara bideratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.