Disney Plusek Star sortu du, helduentzako marka

Otsailaren 23an helduko da Euskal Herrira. Star gehituta, dagoeneko sei markak osatzen dute Disney Plus 'streaming' zerbitzua

Big Star telesaila izango da Star markako ikus-entzunezko originaletako bat. BERRIA.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Marvel, Pixar, Star Wars, National Geographic eta Disney markek osatzen zuten orain arte Disney Plus streaming zerbitzua. Otsailetik aurrera, ordea, bat gehiago batuko da eskaintzara: Star, helduentzako marka. Datorren hilaren 23an helduko da Euskal Herriko pantailetara.

Disney Plusek jakinarazi duenez, FOX, ABC, FX, 20th Century Studios, 20th Century Television eta Disney Television Studios ekoiztetxeek sorturiko telesailak eta filmak izango dira ikusgai. Marka berriaren sorrera dela-eta, bikoiztu egingo da streaming plataforman eskuragarri dauden edukien kopurua.

Eduki motari dagokionez, helduei zuzenduriko marka izateko asmoz jaio da Star; ondorioz, «indarkeria handiko» pelikula eta telesailak egongo dira eskuragarri. Horregatik, haurrentzako eta helduentzako ikus-entzunezkoak bereizteko aukera izango dute erabiltzaileek. Kontrol tresna hori Disney Plusen marka eta eduki orotan aplikatu ahal izango da otsailaren 23tik aurrera. Pin kodeak ezarriz mugatu ahal izango dute harpidedunek edukien kontsumoa.

Dagoeneko aurreratu dituzte Star-en eskainiko dituzten ikus-entzunezkoetako zenbait. Eduki originalen artean daude Big, Sky eta Love, Victor telesailak, besteak beste. Cassie Dewell eta Cody Hoyt detektibeak protagonista dituen thriller istorioa da Big, Sky. Bi nesken desagerpena ikertzeari ekingo diote Dewellek eta Hoytyk telesailean, eta David. E. Kelley estatubatuarrak zuzendu du. Bestalde, Victor gaztearen bizimodu korapilatsua du ardatz Love, Victor telesailak. 2018an estreinatu zen Love, Simon filmean oinarrituta dago.

Produktu originalez gain, besteak beste Desperate Housewives, Grey's Anatomy, Prision Break, Sons of Anarchy, Lost eta Scandal telesailek osatzen dute Star markaren katalogoa.

Euskaraz ere egon dadin

Disney plusen ikusgai dauden edukiak euskaraz eskuratzeko sinadura bilketa abiatu zuen iazko abenduan guraso talde batek. Ekimenaren antolatzaileek 5.000 sinadura lortzeko helburuz abiatu zuten bidea, eta dagoeneko lortu dute ezarritako langa gainditzea: 5.418 lagunek sinatu dute eskaria. 7.500 lortzea dute erronka orain. Bilketaren bidez euskal hiztunak «diskriminatuak» izan direla salatu nahi izan dute antolatzaileek. Gauzak horrela, eskari bikoitza egiten dute: «Disneyri eskatzen diogu bere ekoizpenak euskaraz eskaini ditzala, bai Euskal Herriko zinema aretoetan, bai Disney Plus plataforman, eta utz diezaiola euskaldunak diskriminatzeari. Bestalde, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Euskal Elkargoari, Disneyrekin harremanetan jar daitezela, haur euskaldunen eskubideak bermatuak izan daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.