Elkarrekin indartsuago

Plataforma handien aurka egiteko elkarlana beharrezkoa dela nabarmendu dute Europako lau katetako arduradunek Iruñean, Conecta Fiction jaialdian egindako solasaldian.

Sarean egin zuten mahaingurua.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Lehia eta elkarlana. Elkarlana eta lehia. Bateraezinak diruditen kontzeptuak dira, baina, ikus-entzunezkoetan uste baino gertuago daudenak. Horixe nabarmendu dute Iruñeko Conecta Fiction jaialdian Europako lau telebistetako fikzio arduradunek. Europako kate publikoak: nola nabarmendu lehia handiko jokaleku batean solasaldia izan zuten atzo, eta bertan parte hartu zuten Maria Pia Ammirati Italiako Rai kateko fikzio arduradunak, Simone Emmelius Alemaniako ZDF kateko nazioarteko fikzioko eta salerosketako arduradunak, Manuel Alduy France Telebistako nazioarteko garapen eta zinema arduradunak, eta Amalia Martinez de VelascoRTVEko eduki orokorren zuzendariak.

«Europan denok dauzkagu aurkari berak: Netflix, HBO eta Amazon Prime, eta zer da horren aurrean egin dezakeguna? Elkarlana». Horixe nabarmendu zuen Alduyk, Europako kate publikoek elkarrekin lan egiteko beharra. Dagoeneko hasiak dira telebista kate batzuk horretan, eta elkarlan horrek emandako uztaren xehetasunak aletu zituzten: Italiako eta Frantziako kateek batera ekoitzitako Leonardo telesaila, adibidez. Aitzinera begira ere, iparra elkarlanean dutela nabarmendu zuen Pia Ammiratik: «Sinistu egiten dugu aliantzetan, elkarlanean. Familia batean bezala gauza txarrak eta onak konpartitzen ditugu: proiektuak, helburuak, arazoak eta ametsak». Bide horretan, elkarlana proiektu handietan egiteaz gaindi, audientzia zehatzagoa dutenetan ere aplikatzeko beharra paratu zuen mahai gainean Emmeliusek, gazteentzako edukietan adibidez.

Sarean egotearen beharra

Italiako, Frantziako eta Alemaniako kateak ez bezala, Espainiako RTVE ez da oraindik Europako aliantza horretan batu; Martinez-de Velascoren hitzetan, ordea, horretan paratua dute begirada.Elkarlanerako urratsak egin artean, plataforma handien kontra lan egiteko dituzten erremintak aletu zituen: «Kalitatezko produktuak eskaintzea, eta produktuak sarean kalitatez aurkeztea».

Ikus-entzunezko merkatua aldatu egin da, lau solaskideek bat egin zuten horretan, baina aldaketa horren aitzinean duela hamar urte ez zituzten abantailak dituztela azaldu zuen Aldayk: «Audientziaren inoiz baino datu gehiago ditugu. Dagoeneko produktu ona izatearekin ez da nahikoa. Zerbait erosi behar dugunean ziur izan behar dugu audientziari produktua gustatuko zaiola». Antzeko mintzatu zen Emmelius ere:«Kontsumitzaile gazteengan jarri behar dugu arreta; horiek bereganatzea erronka handia da». Bide horretan eman zuen solasaldiko gakoetako bat RTVEko ordezkariak: kontsumo ohiturak nola aldatu diren. «Audientziak nahi duen euskarrian eta nahi duen lekuan kontsumitu nahi du, eta telebista kateon lana da horretara egokitzea».

Etorkizunera begira dituzten erronkak nabarmendu zituzten lau solaskideek: telebista publikoek elkarlanean kalitatezko edukiak sortzen jarraitzea, eta horiek nazioarteko zein nazio mailako audientziarengana iristea eta aniztasuna sustatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.