France Televisionsek euskarazko fikzio bat emango du lehen aldiz

'Puntu Koma' websaila France3ko Noa kanalean emango dute. Mipcomen egin dute akordioa

Fariba Sheikhan Uriarte Gernika-Lumoko aktorea, Puntu Koma websailean. BERRIA.
urtzi urkizu
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Frantziako telebista publikoak fikziozko euskarazko websail bat erosi du aurreneko aldiz, eta euskaraz emango du, frantsesezko azpidatziekin. France Televisions taldeak Puntu Koma websaila erosi du, eta hemendik gutxira emango du France3 Akitaniako Noa kanalean; Akitania Berriko herritarrei zuzendutako kanal bat da Noa, eta eguneko 24 orduko programazioa du Interneten, sakelako telefonoetan eta box deituriko kutxa konektatuetan.

Puntu Koma saltzeko akordioa Cannesko (Okzitania) Mipcom azokan egin dute, nahiz eta harremanak lehendik eginak zituzten. Jokin Etxeberria J.O.K. Filmseko ekoizleak nabarmendu du «berri ona» dela. «Salmenta alde batera utzita, sinbolikoki bere garrantzia du». Iruditzen zaio azkeneko urteetan ikus-entzunezkoetan industria «sendoa» sortzen ari dela Euskal Herrian: «Bazen garaia Frantziako telebistak fikzioa euskaraz emateko. Pozik nago pertsonalki, baina 2021. urtean gaude, eta bazen ordua».

Aurrera begiratzeko moduko salmenta izan daiteke Puntu Koma-rena: «Bide bat zabaldu daiteke: etorkizunean beste eragile batekin hitz egin ahalko dugu». France Televisionseko emanaldiak ez du datarik finkatua. Azpidatziak Maramara taldeak egin ditu.

Puntu Koma websailaren istorioa Maialen Sorzabalberek eta Amaia Rojok idatzi zuten, eta proiektuak Next Station lehiaketaren bigarren aldia irabazi zuen. Horri esker, lantalde profesionalak batu ziren egitasmora: Maru Soloresek zuzendu zituen sei atalak; eta aktore lanetan, Sara Cozar, Fariba Sheikhan, Iñake Irastorza, Mikel Ibarguren eta Iñigo Gastesi aritu ziren; Next Stationeko sustatzaileekin batera, Izaskun Arandia izan zen ekoizlea.

EITBk 2019ko ekainean estreinatu zuen websaila, eta ETB1en ere eman zuen. Zenbait nazioarteko jaialditan sariak jasotzeaz gain, Poloniako Outfulm.pl plataforman eman zuten.

Mipcom: «Txikiago, apal»

Cannesko Mipcom azoka gaur amaituko da, eta, J.O.K Filmsekin batera, Euskal Herriko beste ekoiztetxe batzuek parte hartu dute: besteak beste, Expressive Mediak, New Digital Mediak eta Pausokak. Baita ETBk ere. Baina azoka ez da izan pandemiaren aurretik izaten zen bezain jendetsua. Etxeberriak zera esan du: «Pozik gaude Cannesera joan ahal izateagatik, baina halako ekitaldiak orain emeki-emeki doaz». 2019koa baino azoka «txikiagoa» izan da aurtengoa, «apalagoa».

Hala ere, badira konpainia handi batzuk beren proiektu berriak Cannesen aurkeztu dituztenak. Mediaprok eraman ditu Las Bravas telesaila —Warner Mediarekin batera ekoitziko du—, Pulse beldurrezko telesaila eta baita 58 segundos ere —osasun langileen gorabeheretan oinarritua—.

Mipcomeko zuzendari Lucy Smithek profesional askoren sentipena azaleratu du: «Aurrez aurreko harremanera itzultzeko behar handia zegoen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.