Rap saio bat hilean behin

Kanaldudek 'Hesteka' emankizuna estreinatuko du etzi. Azpeitian grabatu dute aurreneko atala

Odei Barroso rap kantaria Hesteka saioko lehen atalean, Azpeitiko gaztetxean. PIERRE BALACEY / KANALDUDE.
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskarazko raparen inguruan emankizun bat sortu du Kanaldude telebistak; hain zuzen, rapari ikusgaitasuna eman eta musika estilo hori zabaltzeko eta hedatzeko ahalegina egin nahi du Bidarraiko kate horrek(Nafarroa Beherea). Hesteka saioa ostegunean estreinatuko dute, 20:00etan, eta handik aurrera Kanalduderen webgunean ikusi ahalko da edonoiz. Hilean behin egingo dute programa. Aurten sei atal emango dituzte, eta datorren urtean jarraitzeko asmoa dute.

Josu Guillen da programa berriko aurkezle eta zuzendaria—Harri salda-n aritu ohi da—. «Bururatu zaigu saioa egiteko ideia, ikusten genuelako eskasia zegoela komunikabideetan rap musikarekin», azaldu du. «Ez dugu pretentsioa esateko guk egiten duguna ez dela sekula ikusia, baina eskas bat betetzen ahaleginduko gara».

Euskal Herri osoko rap kantariengana joko dute emankizuna egiteko. Euskaraz ari direnengana, zehazki. «Euskarazko rapa sustatu nahi da saioan, eta euskaraz egingo dugu eskaintza. Salbuespen gisa, esaldi batzuk gaztelaniaz edo frantsesez onartuko dira, baina euskara ez diren hizkuntzak salbuespena izango dira».

Lehen atala Azpeitiko gaztetxean (Gipuzkoa) grabatu dute. Odei, Buru Arin eta Doce C arituko dira kantuan estreinako emanaldian. Ez da elkarrizketa formaturik egongo, ohiko elkarrizketak ulertu ohi diren moduan. Aldiz, Guillenek kantari edo talde bakoitza aurkeztuko du, eta musikariak esango du ea baduen berrikuntzaren bat bere sormenean. Gero, kantuan hasiko dira. «Kantariaren hitzak agertuko dira, eta gero, rap kantak». Muntaketa edo edizio lanaz Ekhi Perriet arduratuko da.

Bigarren atala berezia izango da, Euskal Herria Zuzenean jaialdian grabatuko baitute. Hesteka-ren atalak 20-25 minutu ingurukoak izango dira, baina luzeagoa izango da EHZ jaialdikoa: ordubete ingurukoa. Ondotik, Baionan eta Iruñean eginen dituzte grabaketak. «Estetikoki interesgarriak diren eszenatokietara joango gara», dio Guillenek.

Saioko zuzendariaren iritziz, gazteek natural hartzen dute rapa, eta Kanalduden euskaraz zabaldu nahi dute. «Badira kantari gazte batzuk trebatzen ari direnak, ez direnak oraindik ezagunak, eta lehen pausoa gure saioan ematea nahiko genuke».

Dokumental bat, gaur

Ez da Hesteka Kanalduderen asteko berrikuntza bakarra. Gaur, 20:00etan, Donapaleu, Nafarroako hiriburu dokumentala estreinatuko du kateak. Nafarroako Erresumaren azken urteei buruzko erakusketa bat du oinarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.